Caparrosoko makroetxaldea ez da bateragarria ELAk defendatzen duen nekazaritza ereduarekin

2021/05/13
Talde ekologistek azken asteotan ezagutzera eman duten egoera kezkagarriaren aurrean, ELAk berretsi egiten du nekazaritza agroekologikoaren eredua, orain arte defendatu duguna eta makroetxalde mota honen aurkakoa dena.

Valle de Odieta enpresak, Caparrosoko esne behien makroetxaldearen jabeak, etxaldea handitzeko eskatu du duela gutxi, 7.200 behi izatera iristeko (Sorian 20.000 behirekin beste etxalde bat eraikitzeko asmoa ere badu). Makroetxalde hori gauzatuz gero, Europako handienetako bat izango litzateke, eta Europako politikek gero eta gehiago lehenesten duten iraunkortasunaren eta etorkizuneko eredu berde baten guztiz kontrakoa.

Baina arazoak lehenagotik datoz: uren eta lurzoruaren kutsadura behin eta berriz egiten diren legez kanpoko isurketengatik, animalien ongizatearen guztiz kontrako eredua da, eta gizarte eta ingurumen eredu jasangarri batekin nekazaritza lantzen duten pertsonen ekonomiari egiten dion kaltea.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du Nafarroako Gobernuak ez duela inolako handitzerik baimendu behar, eta, gainera, premiazko neurri zorrotzak hartu behar dituela egoera hori konpontzeko, makroetxalearen inguruan bizi diren pertsonentzat jasangaitza bihurtzen ari baita egoera. Baina baita ibaian behera bizi direnentzat ere, izan ere, kutsadura askoz haratago iristen ari da, eta eragingo dituen kalteak itzulezinak izango dira kasu batzuetan.

Baina batzuk onura ekonomiko gehiago lortzea lehenesten dute, ingurumen, gizarte edo osasun ondorioak kontuan hartu gabe.

Hori ez da larrialdi ekologikotik ateratzeko behar dugun eredua, ezta landa eremuetako despopulazioari aurre egiteko behar duguna ere. Hau ez da ELAk defendatzen duen eredua. Erakunde askok larrialdi ekologikoa deklaratu zuten. Orain da garaia haratago joateko eta trantsizio ekologikoaren aurka doazen jardueren aurrean neurriak hartzeko, ingurumenean eta osasunean kalte gehiago eragin ez ditzaten. Baina badirudi larrialdi ekologikoaren kontua makillajea besterik ez dela izan. Azken urte honetan zentzurik gabeko proiektuak justifikatzen ari dira trantsizio ekologikoaren izenean, bai Europako Itun Berdean, bai Europako Funtsetan. Greenwashinga besterik ez.