INDUSTRIA
Clean Industrial Deal delakoa ez da nahikoa industriaren trantsizio justua lortzeko

Europako industriari dagokionez, Batzordearen kezka nagusiak hauek dira: energiaren prezio altua, mundu mailako lehia eta material kritikoen hornikuntza. Egia da, deskarbonizazioa ere 2050erako helburu bat dela, baina ez da hauek bezala lehentasun bat. Karbonogabetzea industriarako hazkunde motor gisa eta lehiakortasunaren sustatzaile gisa planteatzen da. Ikuspegi hori oso eztabaidagarria da, deskarbonizazioak klima aldaketa eta beste inpaktu ekologiko batzuk eragiten dituzten jarduera ekonomiko batzuk murriztea edota desagertzea baitakar.
Clean Industrial Deal honen beste helburuetako bat Europako industriaren araudiaren karga murriztea da, hau da, deserregularizazioa. Von der Leyenen arabera, “neurriak hartuko dituzte inguru normatiboa eraginkorragoa izan dadin, aldi berean enpresentzako oztopo burokratikoak murriztuz”. Oso proposamen okerra da hau, enpresek nahierara egin eta desegin ahal izango dute gutxieneko oso baxuak betez, eta badakigu zeintzuk diren desarautzearen ingurumen eta gizarte ondorioak.
Energia asko kontsumitzen duten industrietan ere zentratzen da akordioa. Batzordeak dio energia eskuragarria dela lehiakortasunaren oinarria; beraz, energiaren kostu handia oztopo gisa ikusten dute sektore horientzat. Egia da sektore horiek premiazko aldaketa behar dutela deskarbonizatzeko eta elektrifikatzeko, baina arrazoi nagusia sektore horiek ingurumenean duten eragina izan behar da. Energia garbiaren hedapena eta elektrifikazioa bizkortzea, energiaren barne-merkatua interkonexio fisikoekin osatzea eta inportatutako erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea planteatzen da. Hau da, energia enpresa handiak eta azpiegitura handiak nagusi diren eredu energetikoa bultzatzen du, ELAn defendatzen dugun eredu publiko, berriztagarri eta deszentralizatuaren kaltetan.
Zirkularitatea eta teknologia garbia ere etorkizuneko hazkundearen oinarri gisa planteatzen ditu, baina batez ere kanpoli herrialdeetako lehengaien hornitzaileekiko gehiegizko mendekotasuna murrizteko eta EBko baliabide mugatuak maximizatzeko irtenbide gisa. Planteamendu hori garatu egin behar da, askoz proposamen bidezkoagoa izan baitaiteke estraktibismoaren inpaktuak jasaten dituzten beste herrialde batzuentzat.
Aurrerago sektore espezifikoetan ekintzak aurkeztuko direla aurreikusten da, hala nola, automobilgintzan, altzairugintzan eta metalen industrian, balio-kate osoa indartzeko neurriekin. Baita industria kimikorako eta teknologia garbirako ere. Sektore bakoitzerako neurri espezifikoak hartu behar dira, baina pertsonen beharrei dagokienez beharrezkoak ez diren eta inpaktu sozial eta ingurumeneko negatiboak sortzen dituzten sektoreak ere identifikatu behar dira, eta jarduera horiek bertan behera uztea planteatu behar da.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, ELAk ez ditu nahikotzat jotzen Europako Batzordeak Clean Industrial Dealen planteatutako helburu eta neurriak.