COP-24 izeneko klimaren goi-bilerak ez du ezertarako balio izan

Adierazpena:
Katowiceko klimaren goi-bilerak ez du balio. Langileak mobilizatu egin behar dira bidezko trantsizioa exijitzeko.
Politikariak eta enpresarioak Katowicen (Polonia) bilduko dira abenduaren 3 eta 14 bitartean, klimari buruzko beste goi-bilera batean, hain zuzen, COP-24 izenekoa, mundu mailako ekintza klimatikoa eztabaidatzeko.
Lehenik, klima-aldaketaren errua egotziko diete eskuineko gobernu negazionistei, alegia, Pariseko akordioari uko egiteko mehatxuak bota dituztenei. Gero beste hainbat dokumentu idatzi eta sinatuko dute.
Nazioarteko itun eta akordioek zigor gogorrak ezartzen dituzte euretatik irten edo hautsi nahi dituzten herrialdeentzat. Hau dakigu merkataritzako nazioarteko akordioekin ikusi dugulako. Haatik, badakigu ere Pariseko Akordioari uko egiteak ez duela ondoriorik, horrek ez baitu zigorrik eragingo. Baina jakitun gara Pariseko Akordioan jarraitzea ere ez dela kontsekuente izatea, haren helburuak borondatezkoak eta ez lotesleak direlako; hauek, beteagatik ere, klima-aldaketa ero baterantz garamatzate.
Kapitalismoa ez da kapitalismoaren sendabidea izango. Krisi klimatikoari irtenbidea ematekotan hau behetik etorri beharko da.
Mundu guztiko gobernuek berehala erabaki behar dituzte bidezko trantsiziorako programak, karbono-osteko ekonomiarantz joan ahal izateko. Alabaina, Katowicen, aurreko hogeita zortzi goi-bileretan bezalaxe, gobernuek 2030ean edota 2050ean gertatu beharrekoaz mintzatuko dira, 2019 eta 2020rako konpromisoak hartu ordez (hots, boterean daudenean).
Une honetan ez dago energia-trantsiziorik martxan (ez bidezkoa, ez bidegabea) mundu mailako berotzea 2ºCra mugatzeko helburura hurbilduko duenik, hau zelarik Pariseko akordioaren xedea. “Business-as-usual” joerak (betiko moduan jarraitzeak) atea irekitzen dio klimaren kaoserantz eramango gaituen prozesuari.
Honek esan nahi du langileek auziari heldu behar diotela eta bidezko trantsizioaren alde borrokatu. Justizia soziala eta klimarena aldi berean lortu behar ditugu, hori baita orain bietako edozein irabazteko modu bakarra.
Hauek dira gure aldarriak:
-
- Erregai fosilen industrietan lan egiten dutenentzako prestakuntza programak energia berriztagarrietan eta energia-efizientziako enpleguetan; programa hauek berehala hasi behar dira.
-
- Energia sektorearen gaineko kontrol publiko eta demokratikoa.
-
- Hirietako garraio publiko eta kolektiboan inbertitzea, baita hiri eta herrialde arteko loturetan ere.
-
- Inbertsio masiboak eta enpleguak energia berriztagarrietako sistemetan.
-
- Gerra guztien amaiera, baita armen produkzio eta salmentarena ere.
-
- Produkzio-, banaketa- eta kontsumo-lineak arrazionalizatu eta bertokiratzea, pertsonen beharrizanen arabera, ez irabazi-asmoaren mesedetan.
COP24ko saloietatik ez dugu ezer espero.
Gure itxaropen bakarra datza kapitalismoa lurperatzeko lanean ari direnengan. Mundu guztiko langileei dei egiten diegu mobiliza daitezen bizitzeko moduko planeta baten eta zibilizazioaren alde, eta bidezko trantsizioa helburu, euren lantokietan, komunitateetan zein haratago.