COP26an genero ikuspegia hutsaren hurrengoa izan da

2021/11/19
Nazio Batuak Klima Aldaketaren Gailurrak (COPak) egiten hasi zenetik urte asko pasa dira, 42 hain zuzen, 1979an izan zen lehena Ginebran. COP hartako genero irakurketa eta orain egiten dugu ez dira berdinak. Lehen ez zegoen emakumeentzat espazio espezifikorik, orain badira batzuk, baina ez nahikoak. Emakumeak erabakiguneetatik kanpo geratzen dira oraindik ere, eta horren isla sinatzen diren akordioetan garbi ikusten da. Politika feministek ez dute lekurik, merkatuei zuzendutako politikak dira.

Negoziatzaileen artean emakumeen presentzia %45ekoa izan da, baina erabakigune nagusietan emakumeen presentzia oso urria da. Gailur honetan parte hartu duten ministerio buruen artean emakumeen presentzia %10etik beherakoa izanda da: Ingurumen ministrak % 7a dira, Garraio ministrak %3a, eta Ogasunekoak %1a. Gizarte eta Familia gaietakoak dira presentzia gehien dutenak, baina %13a soilik dira emakumeak. Genero politikek gero eta presentzia handiagoa dutela esaten duten arren, emakumeek eta politika feministek leku gutxi dute. COP26 hau ere gizonena eta gizonentzat izan da.

Baina emakumeen presentzia soilak ez du bermatzen erabaki justuak hartzea. Mugimendu ekofeministak dituen proposamenak ez dira heltzen erabakiguneetara. Perfil hau duten emakumeak COParen inguruan sortzen diren espazio alternatiboetan geratzen dira. Proposamen hauek dituzten ikerlari, politikari edo aktibistei lekua egiteko inongo interesik ez baitago, bizitza erdigunean jartzen dutenek ez dute lekurik COP hauetan, ez beste hainbat erabakigunetan ere.

Azken urteetan emakumeen borrokak, borroka feministak, bizitzak erdigunean jartzen dituzten borrokak, lehen lerroan ditugu ELAn eta Euskal Herrian. Egoera berdina da Euskal Herritik kanpo ere, bizitzen eta planetaren defentsa egiten duten asko, gehienak, dira emakumeak. Hegoalde Globaleko herrietan argi ikusten da hau: indigenak beraien lurra defendatzeko borroketan, megaproiektu energetikoen aurkako borroketan, zapatisten borrokan, eta beste hainbatetan. Baina borroka hauek, eta aurrera daramatzatenek, ez dute lekurik izan Glasgown: bidaia garestiegiak, Covid aforoak, txertaketa apenas zabaldu den herrietakoei covid pasaportea exijitzea,... denak balio izan du klima aldaketaren aurka lehen lerroan dauden emakumeak kanpo uzteko.

Lehen lerroko borroka ekofeministek Glasgown, eta zer esanik ez negoziazio espazio ofizialetan, izan duten ausentziak, bukaerako akordioetan eragin handia du. Sinatutako azken akordioetan genero ikuspegia aipatzen hasi diren arren, aipamen hutsean geratzen da. Gure aurretik borroka egin duten feministei esker generoari eta giza eskubideei dagozkien kontzeptuak barneratzen hasiak dira, baina onartutako neurri eta proposamenak aldarrikatzen dugun trantsizio sozial, ekologiko eta feministatik oso urrun geratzen dira.

Lortutakoa aipatzen da beti COParen bukaeran, eta akordiotik kanpo geratutakoa begiratzea besterik ez dago hutsuneek duten genero arrakalaz jabetzeko. Hondamendi naturaletan hiltzen diren gehienak emakumeak dira. Pobrezia energetiko gehiago sufritzen dugu. Desplazatu klimatikoen %80a gara. Herrialde askotan nesken eskolarizazio tasa baxua loturik dago bizitzaren erreprodukziorako lanekin, beraiek dira lehorteak sufritzen dituzten herrietan uraren bila joan behar direnak eta. Arrakala honek berak eramaten gaitu borroka klimatikoaren, azken finean borroka ekofemistaren, lehen lerrora. Trantsizio hau justua izango bada, feminista izan behar delako.