COP27aren aurrean, justizia klimatikoa eta energetikoa orain!

2022/11/08
COP27a Egipton hasi berri da, eta urtero bezala, ELA beste mugimendu sozial ugarirekin elkartu da benetako irtenbideak exijitzeko mobilizazio batean. Azaroaren 12an izango da Bilbon, Arriaga Plazan 12etan kontzentrazioa egingo dugu justizia klimatikoa eta energetikoa aldarrikatuz.

Eragileok sinatu dugun manifestua:

“Justizia klimatikoa eta energetikoa, orain: konponbideak eskatzen ditugu”

Krisi zibilizatorioari egin behar diogu aurre, eta haren bi sintoma besterik ez dira larrialdi klimatikoa eta krisi energetikoa (gaizki kudeatutako eskasia). Ondorio larrienak agerikoak dira dagoeneko: nahitaezko migrazio masiboak; pertsona kalteberenen gero eta pobretze handiagoa; desberdintasun handiagoa eta aberastasunaren banaketa bidegabea; eta gerrak eta militarismoa areagotzea. Lehengaien eta energia-iturrien faltaren ziurtasunak arriskuan jartzen du gehienen etorkizuna. Gainera, arazoaren erantzule txikienak direnak, haiexek dira ondorioak gehien pairatzen dituztenak, eta orain, bidegabekeria horri gehitu egin behar zaio beste lohikeria bat, pobrezia energetikoa hedatzen ari den bitartean aparteko onurak izaten ari direla oligopolioak. Gobernuei dei egiten diegu beren politikak errotik aldatzeko eta trantsizio energetiko bidezkoa, demokratikoki erabakia eta nahikotasun-irizpidearen araberakoa egiteko. Horrek esan nahi du produkzioaren eta kontsumoaren murrizketa adostua planifikatu behar dela.

Aurrekaririk gabeko giza eskubideen krisia eragiten ari da larrialdi klimatikoa, eta egoera horri behar bezala erantzun ez izanak areagotu egiten ditu eskubide horien urraketak. Gutxienez 3.600 milioi pertsona bizi dira dagoeneko arrisku klimatiko handiko egoeran, eta emisioak murriztea, ekonomiaren eraldaketa eta justizia klimatikoa dira erantzun posible bakarrak. Aurten bertan, inpaktu handiak jasan ditugu: bero-bolada izugarriak, basoetako suteak, lehortea eta muturreko beste fenomeno batzuk.

Hazkunde mugagabean eta energia fosil finituetan oinarritutako ekonomia kapitalistaren eromen hau eten beharra dago, gaur bertatik eten ere. Eta hori ez dugu aktibistok bakarrik esaten. Agintaritza zientifikoak ere berresten du hori IPCCren azken txostenean: “berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioek lau urte baino lehen jo behar dute goia”. Hala ere, Europar Batasuneko emisioei buruzko azken datuek erakusten dute COVIDaren aurretik zegoen emisioen goranzko joera berreskuratzen ari dela (Espainiako estatuan %5,1 igo zen 2021ean, aurreko urtearekin alderatuta). Klima Aldaketari buruzko Legea indarrean sartu eta urte eta erdira, oraindik ez ditugu beharrezko aldaketak egin.

Baina, gainera, Espainiako korporazioek Hego globaleko beste herrialde eta kontinente batzuk arpilatzen jarraitzen dute, estilo postkolonial okerrenean. Bien bitartean, Ipar Globaleko herrialde aberastuek -Europar Batasuna barne- ez dute behar duten finantzaketa ematen, eta geldiarazi egiten dute erauzketatik datozen zor ekologiko nabarmenak konpentsatzeko tresnen garapena.

Ukrainako gerrak, espazioen eta materialen egungo eta etorkizuneko liskarraren beste adibide bat baita, agerian utzi du mendekotasun estua dagoela erregai fosilen, gatazka geopolitikoen, ekonomia militar maltzurraren eta bizitzaren sistema ekonomiko harrapariaren artean. Baina gerra aurretik datorren gaixotasun baten (kapitalismo deitzen dena) beste sintoma bat da hori. Inork ez gaitzala engaina: ez dugu gastu militar gehiago behar, baizik eta inbertsio sozial gehiago, elikadura-subiranotasun handiagoa, hori guztia ekonomiaren esfera materialaren nahikotasun eta beheranzko esparru batean. Hau da, banatu egin behar dugu, denok ondo bizi gaitezen, mugak gainditu gabe.

Erakunde sinatzaileok COP27 goi-bileran bildutako gobernuei eskatzen diegu modu justu eta solidarioan heltzeko ezinbesteko trantsizioei. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen diegu, krisi honen sorreran duten erantzukizuna onartuta, konpromisoa har dezatela ezinbestean amildegirantz doan ibilbide hau geldiaraziko politikak ezartzeko, eta bizitza prekarizatuenak erreskatatzeko. Berrikuste prozesu hori herritarren, zientzia-erakundeen eta gizarte zibil antolatuaren parte-hartzearekin egin behar da. Prozesu horretan, lehentasuna eman behar zaio etorkizun bizigarriaren babesari eta bidezko trantsizioari, eta ez ingurumena eta gizartea kolapsatzera garamatzan sistema ekonomikoari.

Zehatzago esanda, Egipton egingo den COP27 goi-bileraren aurrean, bai nazioarteko komunitateak, bai bertan parte hartuko duten herrialdeek, Espainiako Estatua barne, Egiptoko agintariei eskatu behar diete benetako neurriak har ditzatela herrialdeko giza eskubideen krisi sakonari aurre egiteko, gizarte zibilak eremu publikoan parte hartuko duela bermatuz, ez bakarrik goi-bilera horretan, baizik eta modu egonkorrean eta iraunkorrean.

Euskal Herrian, Egipton eta mundu osoan, justizia klimatikoa eta energetikoa eskatzen dute herritarrek. Jarduteko denbora agortzen ari da, eta DENA dugu jokoan borroka honetan.

 

GOBERNUEN UTZIKERIAREN AURREAN, KALEA ESKATZEN ARI DA:

EZ DIEZAIEGUN KLIMA ALDATZEN UTZI! SISTEMA DA ALDATU BEHAR DENA!