COP28 GOIBILERA

COP28an ez da erregai fosilen amaiera adostu, epe luzeegirako trantsizio bat besterik ez da eskatu

2023/12/14
Testuak “ikatzetik, petroliotik eta gasetik urruntzeko trantsizioa” aipatzen du, berriro ere 2050 urtea epemuga gisa jarriz. ELAren ustez beranduegi da hain epe luzeko helburuak jartzeko, neurriak lehenbailen hartu behar dira.

ELAk oso balorazio kaskarra egiten du Dubain egin den COP28an adostu dutenaz. Petrolio enpresa baten buru den jeke bat izan da Klima Aldaketaren Aurkako Goibilerako (COP28) negoziazioen buru. Berak esan ditu COP28 honetako hitzik polemikoenak: “ez dago ebidentzia zientifikorik erregai fosilek klima aldaketa eragiten dutela egiaztatzen dutenik”. Aurrekari hauekin zaila zen planetak eta pertsonek behar dituzten neurriak hartzea. Tamalez, oraingo honetan ere, ez dago neurri ambiziotsurik klima aldaketari aurre egiteko. 2050erako helburuak jartzen jarraitzen dute, dagoeneko klima aldaketa pairatzen ari garen bitartean.

Goibilera honetako helburuetako bat erregai fosilekin amaitzeko adostasuna lortzea zen. Bi taldetan banatu dira munduko herrialdeak negoziazioan. Alde batetik, erreai fosilekin amaitu nahi zuten herrialdeak (Pazifikoko irlak, Europar Batasuna,…), eta bestetik, OPEP osatzen duten herrialde petrolio ekoizleak. Batzuen ongizatea besteen negozioaren aurrean. Noski, negozioa defendatzen dutenak irabazi dute oraingoan ere eta 2050erako erregai fosiletatik urrundu eta trantsizioa egitea izan da azken testu adostuan jaso dena. Lehen aldia da adostu den testuan erregai fosilak aipatu direna, baina beraiekin bukatu beharrean epe luzerako trantsizioa izan da adostu dutena. Batzuentzat testu historikoa izan da, ELArentzat aurreko goibileretako porroten jarraipena izan da.

Baina badira oihartzun gutxiago izan duten baina oso kezkagarriak diren beste akordio batzuk ere COP28an sinatuak. Esaterako, 2050erako energia nuklearraren ekoizpena hirukoiztea adostu dute hainbat herrialdek, besteak beste, Frantziak, Finlandiak, Herbeereak, Erresuma Batuak, Kanadak, Estatu Batuak eta Japoniak. Esan beharrik ez dago, ELAk guztiz baztertzen duela energia nuklearra, eta beriro ere azpimarratzen dugula ez dela trantsizio energetikorako alternatiba bat. Alternatiba ez diren bezala testuan aipatzen diren karbono isuriak harrapatzeko teknologia, hidrogenoa, etab.

Klima Aldaketari aurre egiteko finantziazio fondoa ere hizketa gai izaten da klimaren goibilera guztietan, eta aurtengoan ere bai. Herrialde bakoitzak egingo dituen apotazioak jakinarazi ditu, gehienak oso eskasak. Aditu skoren ustez, hitzemandako aportazioek fondoa martxan jartzeko ozta ozta balioko dute. Herrialde hauek ordea, askoz ere diru gehiagoz laguntzen dte erregai fosilen industria.

Beraz, COP28ko adostasuna historikoa dela esaten dutenen aurrean, ELArentzat akordioa porrota izan da. Ez dago erregai fosilekin bukatzeko borondaterik, energia nuklearra eta beste zalantzazko teknologia ugari aipatzen dituzte trantsiziorako alternatiba gisa, eta eragindako kalteak zuzentzeko fondoak hutsaren hurrengoak dira. Non dago orduan aurrerapen historikoa?