Denon onerako, transgenikorik ez! (iritzia)

2010/01/21

Transgenikoak Euskal Herriko soro eta sukaldeetara iritsi dira. Genetikoki aldatu diren organismoak dira, espezieak hobetzeko aitzakiarekin sortuak. Ingeniaritza genetikoa iritsi aurretik ere espezieak hobetzen ziren, baina genetikoki aldatu gabe eta espeziearen ugalketa zikloa errespetatuz. Gosearen aurkako tresna dela ere esaten da baina guztiz faltsua da. Transgenikoak zabaltzen doazen heinean gosea ere handitzen baitoa munduan, beraz ez da inongo irtenbidea.

Espezieen genetika aldatzeko prozesuak duen arrisku handienetakoak sor ditzaketen eraginen ezjakintasuna da. Trasgenikoak kontsumitzeak gure osasunean ondorioak ditu, hauen artean alergia gehiago agertzea eta antibiotikoekiko erresistentzia. Ugaltze ahalmenean ere eragina izan dezake. Ingurumenari dagokionez, biodibertsitatea gutxitzen da, produktu kimikoen erabilera handiagoa da eta espezieen osasunean ere eragina du aldaketa genetikoak. Nekazaritzak ere ondorio larriak jasaten ditu, transgenikorik gabeko ekoizpena kutsatzen baitute eraldatutako espezieek. Gainera hazien kosteak igo egiten dira eta multinazionalekiko menpekotasuna gero eta handiagoa da.

Lau laborek osatzen dute mundu mailan genetikoki aldaturiko organismoz landaturiko lurren ia %100: soja, artoa, koltza eta kotoia. Labore hauen bitartez ari dira sartzen transgenikoak gure sukaldeetan.

Transgenikoz guztiz libre dauden elikagai bakarrak fruta eta barazkiak dira. Produktu freskoak diren haragi, arrautza edo esneak ere transgenikoak izan ditzakete, animalien elikaduran aipaturiko labore hauek erabiltzen baitira sarritan. Elikagai prozesatuen kasuan edozeinek izan ditzake. Ekologikoak deituriko produktuetan ere organismo hauek ager daitezke!

Gizartearen gehiengoak transgenikoz libre dauden elikagaiak definitzen dituenean genetikoki aldaturiko organismoz %100 libre daudenak direla uste du. Baina gaur egun dugun legediak ez du horrela ulertzen. Legearen arabera edozein produktu transgenikoz libre dago baldin eta produktuaren %0.9 baino gutxiago osatzen badute. Legea transgenikoen aldekoa da eta babestu egiten ditu, gainontzeko laboreak kutsatzen dituztela jakin arren. Benetan %100 transgenikoz libre dauden landaketak inongo babes gabe daude.

Azken urteetan transgenikoen aurkako iritzia gero eta zabalagoa da. Milaka dira iada transgenikoz %100 libreak direla adierazten duten nekazal esplotazioak. Euskal Herrian adierazpen hau bultzatzeko egin den kanpainak 500 baserritar eta instituzioen babesa jaso du.

Europako 4500 udaletxek ere adierazpen instituzional hau egin dute eta baita 260 gobernu autonomikok ere. Beraien lurraldean transgenikoak izatearen aurka agertzen dira eta debekua ezartzeko konpetentzia emango dien lege aldaketa eskatzen dute.

ELA eskaera honetara atxikitzen da transgenikoen inguruko legedia aldatzea eta %100 libre den nekazaritza babestea exijituz. Transgenikoen aurkako kanpaina abian jarri dugu ELAn, langileei informazioa zabalduz. Zer jan jakiteko eta aukeratzeko eskubidea daukagu!