Desastrera goaz, hori bai, abiadura handian (iritzia)

2011/09/29

Hilabete batzuk badira krisialdi gogor honetan sartu gintuztenetik eta denok pairatu ditugu ondorioak: hezkuntzan, osasunean, gizarte laguntzetan,... Baina badira arlo batzuk murrizketarik jasaten ez dituztenak, eta gainera laguntza gehiago jasotzen dutenak, krisitik irteteko bide bezala saltzen baitituzte: azpiegitura obra handietaz ari naiz. Badirudi errepideak, abiadura handiko trena (AHT), erraustegiak,... berrikuntza eta garapenaren ikurrak direla, eta krisitik ateratzeko irtenbide bakarra direla. Azken hilabeteetan zerbitzu publiko guztietan murrizketak egin dira ez ordea AHTren obretan, ez Euskal Autonomi Erkidegoan, ezta Nafarroan ere. Murrizketak krisia eta langabezia areagotu eta babes soziala murriztuko dute. Guztiz beharrezkoa da hau aldatzea, baina ez dute nahi.

Nafarroako gobernuak 294 milioi euroko murrizketak egingo ditu urte bukaera arte. Etxebizitza erosi edo birgaitzeko laguntzak eten egin dira eta dagoeneko emandakoak ordaintzeko 30 milioi euro falta zaizkie, hain justu irailean adjudikatu duten AHTren 8 kilometroko lehen zatian gastatuko den kopuru bera; 2012rako planifikaturiko azpiegitura obra guztiak bertan behera utziko dituzte, AHTa ezik noski. Bigarren hezkuntzako 250 irakasle lanik gabe geratu dira, osasunean ere murrizketak daude,....

Euskal Autonomi Erkidegoan ere hezkuntzan murrizketa ugari egin dituzte kurtso hasiera honetan, eta hurrengo kurtsoan egoerak okerrera egingo duela adierazi dute jada. Baina AHTaren obrek ere ez dute inongo geldialdirik eta murrizketarik jasan, 2011n 298 milioi euroko aurrekontua dago, 2010ean baino 163 milioi gehiago, eta 2012rako aurrekontua %27 igoko dute.

Gure agintariak AHTaren aldeko kanpainan itsututa daude, beste herrialde batzuetan proiektu hauek zalantzan jarri direnean:

- Frantziar estatuan ere zalantzan jartzen dute eta Iparraldean eraiki nahi zuten linea geldiarazi dute inoiz trenbide konbentzionala guztiz saturatu arte, baldin eta hori gertatzen bada.

- Portugalen agintean jarri den presidente berriak AHTa doanik ere ez duela nahi esan du, eraiki ondorengo mantenu gastuak bakarrik ezingo baitira ordaindu. AHTa eraiki beharrean merkantzietara zuzenduriko trenbide konbentzional azkar bat eraikiko omen du. Bere hitzak errepikatuz, “Portugal Europarekin elkartzeko trenbideak zabalera internazionala izatea soilik behar da”.

- Erresuma Batura ere iritsi da eztabaida. Bitxia da benetan herrialde honetan gertatutakoa, inguru neoliberalena izan baita oraingoan AHTren aurka agertu dena arrazoi ekonomikoak direla-eta. Inbertsio hau errekupera ezina dela diote eta beste herrietan ere hau kontuan izan behar dela, azpiegitura eskema oker batek herrialde baten finantza publikoak ondoratu baititzake.

- Espainiar estatuan AHTaren linea askotan obrak geldiarazi dituzte, eta Blanco ministroak berak esan zuen egoera ekonomiko honetan ez zutela diru gehiago bideratuko lan hauetara. Dagoeneko eraikita daudenak, esaterako Albacetekoa, mantenu gastu handiak izanik eta erabiltzailerik gabe (egunean 7 bidaiari), bertan behera gelditu da.

Baina Hego Euskal Herriko agintariek berearekin jarraitzen dute, obra hauek pertsonen eta gizartearen ongizatearen gainetik jartzen dituzte. Berdin zaie leku guztietan obra hauek murrizketak izatea edo guztiz geldiaraztea, beraien murrizketak zerbitzu sozialetara bideratuta jarraitzen dute, eraikuntza enpresa handiei diru sarrera publikoak bermatuz; nahiz eta jakin, obra hauek izugarrizko zor publikoa ekarriko digutela, ez dutela ia erabiltzailerik izango, eskualdeen arteko desberdintasunak areagotuko dituela, ingurumen kalte itzulezina eragingo dutela,...

Betiko arrazoiak dira, baina gero eta gehiago gara egiazkoak direla konturatzen garenak. Baina benetako boterea dutenek ez dute ikusi nahi, edo okerrago, berdin zaie. Beraien helburu nagusia ez da gizartearen ongizatea bilatzea, gutxi batzuen interesak defendatzea baino.