Deskonektatu Kapitalismotik! Larunbatean denok Iruñeko Alternatiben Herrira!

2018/06/01
Alternatiben Herriari goizeko 10etan ekingo zaio, irekiera-ekitaldi baten bidez Takonerako Vistabellan. Dena den, Iruñeko erdigunean eta egun osoan zehar egitarau zabal eta anitza gauzatuko da. Jakina denez, sei auzo prestatu dira atal tematiko gisa: Auzoekonomia (Geltoki), Arragoa (San Frantzisko plaza), Herriak eta Lurra (Kondestable, Santa Ana, Piparrika), Burujabetza (Errekoletak), Bizi Anitzak eta Duinak (Nabarreria) eta Haurren Errepublika (O plaza). Gainera, egun osoan zehar, Vistabellan ezarritako karpan izanen dira hitzaldiak, kontzertuak, taberna, garagardo eta gazten azoka, herri bazkaria eta abar

#HemenBai. Itotzen gaituen sistema honi aurre egiteko alternatibak baditugu. Bizitza burujabea eskubide osoz eraikitzeko asmoa dugu, eta horretarako ezinbestekoa da kapitalismotik deskonektatzea. Gaur egungo eredu sozial eta ekonomikoa gainditzeko proposamenak garatzea gure esku dago. Proposamen asko ditugu eta beste batzuk jorratzen hasiko gara herri justu, solidario eta desiragarriagoa eraikitzeko.

Horretarako, igandean, ekainaren 2an Iruñean Alternatiben Herria izango dugu, 2015ean Bilbon eta 2013an Baionan egin genuen bezala. Kapitalismoak behin eta berriro esaten digu ez dagoela alternatibarik. Baina guk baietz diogu. Iruñeko Alternatiben Herriko leloak dioen bezala “There is no alternative? #HemenBai”. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatuta eta Nafarroako hainbat eragilerekin batera, Nafarroan eta Euskal Herrian dauden alternatibak eta proiektuak erakutsi, partekatu, ezagutu eta eztabaidatu nahi ditugu.

Aurreko ekitaldietan bezala, Iruñeko erdigunea auzoz osaturiko herri bilakatuko da: Herriak eta lurra, AuzoEkonomia, Burujabetza, Bizi anitzak eta duinak, Arragoa, eta Haurren Errepublika.

ELAk aurreko ekitaldietan, eta oraingoan Iruñean ere, antolaketan parte hartze handia izan du, eta egunean bertan ere bertan izango gara ELAkide asko lanean, boluntario gisa eta egunaz gozatzen. 

Hemen duzue Alternatiben Herria zer den ezagutzeko eta egunean bertan izango duguna ezagutzeko informazio gehiago:

Egitaraua

Alternatiben Herriaren planoa

Bideoklipa