Diesela hilgarria da

2017/07/11
International Council on Clean Transportation (ICCT) izeneko erakundeak, zeinak Volkswagen ibilgailu manipulatuen eskandalua kaleratu zuen, diesel ibilgailuek osasunari eragiten dioten kaltea salatu du bere txostenean.

Diesel motoreek gas kutsatzaile gehiago igortzen dituzte baldintza normaletan, kutsadura maila egiaztatzeko froga teknikoetan baino. Txostenak zenbatu du zer suposatzen duen ibilgailu horiek isuri omen dutena eta benetan ingurumenera isurtzen dutenen arteko aldea: Emaitzek adierazten dute ibilgailu astunen herenak eta arinen erdiak oxido nitrogenoko (NOx) isurien legezko mugak gainditzen dituztela.

2015ean motor mota hauek 13,2 miloi tona NOx isuri zituzten; horietatik 4,6 miloi ez zeuden zenbatuta. Garaia baino lehenagoko heriotza da bizi-itxaropenera iritsi baino lehen gertatzen dena. 2015ean Europan honelako 11.400 heriotza gertatu ziren gehiegizko isuriak zirela medio. Heriotza horiei gehitu beharko genieke legezko mugaren barruko isurien ondorioz gertatutakoak, hau da, 17.100 heriotza.

Europan gertatzen da gehiegizko NOx isuriek eragindako munduko heriotzen %68a; beste eskualde batek ere ez du halako heriotza tasa alturik. Kutsatutako aireak urtero 467.000 pertsona hiltzen ditu, 2016an Europako Ingurumen Agentziak atera zituen datuen arabera.

Heriotza horietatik gehienak saihestu ahalko lirateke ibilgailu astunen isuriei mugak ezarriko balitzaizkie; hainbat herrialdetan halako mugarik ez da existitzen, eta ziurtatu beharko litzateke ibilgailuek betetzen dituztela Europan existitzen diren mugak.

Orain arte bakarrik Estatu Batuetako datuak ezagutzen genituen; horietxek baliatu zituzten Volkswageni isun bat jartzeko. Txosten berri honek aski froga ematen du Estatu Batuetako eredua Europan eta analizatu diren beste herrietan aplikatu beharko litzatekeela esateko.

 41. Ingurumeneko Buletinatik ateratakoa