Dieselari hobaria kentzeak ez du lanposturik arriskuan jartzen

Automobilgintza sektorean eredu aldaketa nabarmena gertatzen ari da, erregai fosilak kontsumitzen dituzten motorrek (gasolina edo diesela) iraungitze data baitute. Oraindik ez dakigu zer ibilgailu mota izango ditugun etorkizunean, baina sektoreak aurrera egin nahi badu, etorkizunera begiratu beharko du, eta energia berriztagarriak erabiltzen dituzten ereduen alde egin, eta hobariak izan ditzakete, trantsizio energetikoa bultzatuko bailukete.
EAEko eta Nafarroako industriaren zati handi batek lotura edo mendekotasun handia du automobilgintza-sektorearekin. Argi dago datozen urteetan aldaketa handiak izango direla eta horrek sektoreari eragingo diola. Birmoldaketa hori eredu jasangarriago batera igarotzeko ikuspegiarekin egiten bada, sektoreak etorkizuna izango du. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iraganeko ikuspegitik begiratzen diote sektore horri. Beraien bide bakarra gero eta zaharkituagoa dagoen eredu bati eustea da, sektorea eredu iraunkor baterantz birmoldatzeari ekin nahi ez dioten inertziak indartuz.
ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzak automobilgintzari dagokionez duen industria politikak etorkizunik gabeko eredu bat iraunaraztea duela helburu. Era berean, industria politika horrek ekoizpenaren beharrezko eraldaketa bat bultza dezala eskatzen ari gara, etorkizun lehiakorra izan dezan, energia berriztagarriak garatzeko, garraio fluxuak murrizteko eta mugikortasun kolektiboa eta garraio publikoa bultzatzeko.
Sektorearen birmoldaketaz ari garenean, ibilgailu ereduak aldatzeaz ez ezik, bidaiatzeko modua eta merkantziak garraiatzeko modua aldatzeaz ere ari gara. Ezinezkoa delako egungo mugikortasun eredua, enegia fosiletan oinarritua, energia berriztagarriekin aurrera eramatea.
Testuinguru honetan, ELAk errefusatu egin du Eusko Jaurlaritzak eta bereziki EAJk hidrokarburoen gaineko zergan gasolinaren gaineko eta dieselarekiko hobaria kentzearen aurka agertu izana. Hobari hori eztabaidagai nagusi bihurtzea okerreko mezua da, batez ere diesel litroa 3,8 zentimo baxuago mantenduz "milaka lanpostu" salbatuko direla adierazten denean, Urkullu lehendakariak adierazi duen bezala. Automobilgintza sektorearen eta antzeko etorkizuna duten beste sektore batzuen birmoldaketa ekologikoan oinarritutako industria politikarekin mantenduko dira lanpostuak.
Aspalditik ari gara hori esaten. ELAren proposamena energia fosilen eta baliabide naturalen eskaera handia duten sektoreak birmoldatzea eta sektore jasangarriagoak garatzea da. Enpleguari dagokionez, sektore berdeen garapenean potentzial handia dagoela uste dugu, gizartean beharrezkoak eta ingurumenaren aldetik jasangarriak direnak. Horrek, esan bezala, parametro horietan oinarritzen den industria politika bat eskatzen du, korporazio handien tresna hutsa izan beharrean. Eta gaur egun ere existitzen ez den lidergoa ere eskatzen du, enpresak baitira Gobernuaren ildoak ezartzen dituztenak.
Jakina, automobilgintzak etorkizuna izango du Euskal Herrian ELAk eskatzen duen bidean aitzindari izatea lortzen badu. Itxura guztien arabera, hori ez da Eusko Jaurlaritzaren apustua.