Donostiako Antondegi inguruan olatu artifizialen instalazioa eraikitzearen aurka dago ELA

2021/07/12
Donostiako udalak, 6 hektarea zonalde natural okupatuko dituen olatu artifizialen instalazio bat egin nahi du, enpresa pribatu batek bultzatuta. Turismoa bultzatzeko ahaleginek zentzugabekeria ugari egitera bultzatzen dituzte gure instituzioak. Donostiako Antondegi inguruan egin nahi denak ere ez du inongo zentzurik itsasotik 4 kilometrotara, baina are gutxiago eragingo dituen ondorio kaltegarriak ezagututa.

Proiektu honek ez du inongo babes sozialik, surflariek ere ez dute nahi, eta beraiek dira balizko erabiltzaileak. Dagoeneko “Antondegi berdea” ekimenean bildu dira hainbat surflari, talde ekologistak eta beste hainbat eragile sozial, besteak beste masa-turismo ereduaren aurka agertzen direnak eta klima aldaketaren aurka borrokan dihardutenak. Eragile hauek hainbat kausa ezberdin defendatzen dituzte, eta Antondegiko olatu artifizialen aurka denak batera agertzeak proiektu honek arlo ezberdinetan kalteak izango dituela argi uzten du.

Ingurumen ikuspuntutik hainbat kalte sortuko ditu ingurune natural batean eraiki nahi den instalazio honek: Donostiako korridore ekologikoen sarea kaltetzea, landazabal atlantikoko ekosistema egoera onean mantentzen duen Donostiako eremu eskasetako bat degradatzea, eragin negatiboa 109 hegazti-espezieri (horietako 27 Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota daudenak), edo 18 ugaztun espezie baino gehiagori kaltea.

Klima aldaketaren testuinguruan, lurraren artifizializazioa eta habitat naturalen azalera murriztea dakar Donostian. Urbanizazio prozesuek, olatu artifizialek kasu, planetaren kalteberatasuna areagotzen dute, klima aldaketaren ondorioen aurrean. Alde batetik, lurzoruen urbanizatzeak, atmosferako karbono dioxidoa biltegiratzeko ahalmen naturala murrizten du. Bestalde, urbanizatutako lurzoruen azalerak habitat naturalen lekua hartzeak, tenperaturaren igoera ahalbideratzen du, beroketa globala areagotuz. Lurzoruen urbanizatzeak halaber, uren isurketa errazten du, higadura eta uholde arriskuak handituz.

Energiaren eta uraren kontsumo arduragabea suposatuko du, 500 etxeetako batez besteko energia kontsumoa eta 10-14 igerileku olinpiko betetzeko beste ur. Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren testuinguruan onartezina da. Gainera, jasangarria ez den hirigintza eredua bultzatzen dute eta natura eta ingurunea zaintzearekin bateraezina da. Guzti honi gehitu behar zaio, egoera onean dagoen landa eremu baten eraldaketa, hurbileko elikagaiak ekoiztera bideratutako nekazaritza lurrak suntsituko dituena.

Arrazoiak sobera daude olatu artifizialen instalazio hau bertan behera uzteko, jada Donibane Lohitzunen presio sozialak enpresa berak aurrera eraman nahi zuen proiektua bertan behera uztea lortu zuen bezala. “Antondegi berdea. Olatuak itsasoan” ekimenak sinadura bilketa bat ere jarri du abian. Proiektu hau geldiarazteko hemen sinatu.

Planetaren eta gizartearen gehiengoaren beharrei erantzuten ez diren proiektuak ELAk ez ditu onartzen. Dagoeneko badakigu berandu ari garela behar dugun trantsizio ekologiko eta soziala aurrera eramateko, eta Antondegikoa bezalako proiektuek atzera pausua besterik ez dute suposatzen bide zail honetan.