Donostiako kaleak bete ditugu Zubietako erraustegia martxan jartzearen aurka

2020/03/10
“Zaldibar argitu, Zubieta gelditu” lema ere entzun zen Donostiako kaleetan. Zaldibar argitu plataformakoak ere izan ziren bertan eta manifestazio bukaeran hitza hartu zuten, Zaldibar eta Zubieta soka beretik doazen bidegabekeriak direla ozen esanez.

Pasa den otsailaren 29an Donostian manifestazioa egin zen LARREko mahaiak “Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna” lemapean. Martxoaren 3an martxan jarri behar zen Zubietako erraustegia, azkenean hilabete bukaeran hasiko omen da hondakinak erretzen. Baina Gipuzkoako herritarrok ez dugu etsiko, kalean izango gaituzte gure osasuna eta ingurumena defendatzen.

Zaldibar argitu plataformakoek egindako hitzartzean argi geratu zen Zaldibar eta Zubieta gauza bera direla, negozioa guztiaren gainetik jartzen dutenen arduragabekeria izugarria:

 

“Ez digute ezer garbirik esaten, baina alarmistak ez izateko, erakundeengan sinistu behar omen dugula. Betiko leloaren betiko leloa da; irabaziak pribatizatu eta kostu ekologiko eta sozialak sozializatu. Guztiok ordaindu behar dugu orain gutxi batzuen harrokeria, handinahai eta diru gosea. Ez soilik diru publikoarekin, geure gorputzarekin baizik, geure bizitzarekin. Kapitala versus bizitza; ezinhobeto dator esaldi hori Zaldibarren gertatzen ari dena ulertzeko.

Honek logika eta egiteko modu bati erantzuten badio ere, izen abizenak egon badaude. Non daude erantzukizunak? Bi langile lurpean, milaka herritarren osasuna jokoan, zabortegian lanean aritu ziren langileen osasuna ere zalantzan... Kudeaketa penagarri honek ez al du dimititzera edo erantzukizunak bere gain hartzera eraman behar? Jaurlaritza zertan ari zarete? Non dago Lehendakaria? Non dago urteetan Eibarko alkate izan zen eta orain Ingurumen Sailburu den Iñaki Arriola jauna? Ez al duzue inolako ardurarik hartu behar?

Herritarrak antolatu gara eta ez daukagu gelditzeko asmorik. Ermua, Eibar, Zaldibar, Mallabia eta Elgeta ondoan egon arren, hau Euskal Herri guztiari eragiten dion kontua da, eredu bat jartzen baitu zalantzan. Erroetatik eraldatu beharrekoa. Norabide berean jarraituz gero, beraien hondakinetan itoko gaituzte, eta guk garbi diogu: aski da. Jarraituko dugu beraz, gogoz eta indartsu. Joakin eta Alberto aurkitu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun politiko guztiak mahai gainean jarri arte. Zaldibar argitu!”.

 

Argi dago Zaldibarren gertatua kontrol eza eta negozioa guztiaren gainetik jartzearen ondorio izan dela. Eta Zubietan ere eredu berdina jarraituko da. Hondakinak erreko dituzte, dioxina eta furanoak zabalduko dira airean eta inguruko lurretan,... eta oraindik ere ingurumenarentzat eta osasunarentzat kalterik ez duen azpiegitura dela esaten digute. Aski da!