MUGIKORTASUNA

Dugun mugikortasun ereduak izugarrizko ingurumen inpaktuak eragiten ditu

2026/02/20
Dugun mugikortasun ereduak izugarrizko ingurumen inpaktuak eragiten ditu
ELA trantsizio ekosozialaren inguruko hausnarketan ari da eta mugikortasuna trantsizio horren puntu garrantzitsuenetako bat da. Ez dugu benetako trantsizio ekosozial bat izango mugikortasun jasangarria ez bada lortzen. Gaur egun helburu horretatik oso urrun gaude.

Trantsizio ekosozialaren erronkak hainbat eremutan aldaketa sakonak egitea exijituko du eta aldaketa handienak beharko dituen eremua mugikortasunarena izango da, gure mugitzeko moduak duen energia fosil kontsumo handiagatik eta horrek suposatzen duen ingurumen inpaktuengatik. 

Garraioaren sektorea da, bai pertsonena bai merkantziena, gaur egun ingurumen inpaktu gehien sortzen dituen sektoreetako bat. Energia kontsumo datuei erreparatuz, kontsumo handikoa eta energia fosilaren guztiz menpekoa dela ondoriozta dezakegu. Nafarroan 2023an, kontsumitutako energiaren %39 garraio sektoreak kontsumitu zuen. EAEn 2024an, kontsumitutako energia guztiaren %48 garraio sektoreak kontsumitu zuen. 

Gaur egun dugun mugikortasun ereduak kezkagarriak diren beste hainbat ezaugarri ere baditu:

  • Dugun gehiegizko mugikortasunak ingurumenean beste inpaktu larriak sortzen ditu, bai kutsaduragatik, bai azpiegituren eraikuntzagatik.
  • Garraio sektorearen eta pertsonen mugikortasunaren energia iturri nagusia petrolioa eta bere eratorriak dira, ondorioz, berotegi efektuko gas emisio handienak dituen sektorea da.
  • Pertsonen mugikortasuna auto pribatuan oinarritua dago eta ibilgailu pribatu bakoitzean pertsona bat edo bi ibiltzen dira batezbeste. Honek izugarrizko ibilgailu kopurua behar izatea dakar.
  • Garraio publikoaren erabilera mugatua da. Oraindik ere garraio publikoa ez da biztanleriaren mugitzeko modu nagusia, gehienak ibilgailu pribatua dute lehen aukera.
  • Garraio publikoaren eskaintza eskasa da hiriguneetatik kanpo eta horrek lurraldean desorekak ekartzeaz gain, garraio publikoaren erabilera murrizten du.
  • Merkantziei dagokienez, gehienbat errepidez garraiatzen dira eta horrek energia fosil kontsumoa eta emisioak izugarriak izatea dakar.
  • Merkantziek gero eta kilometro kopuru handiagoa egiten dute ekonomia globalizatuan. Ekonomia eredu honen funtzionamendurako mundu mailako garraioa ezinbestekoa da eta horrek inpaktuak, bai ekonomikoak eta baita ingurumenekoak ere, are gehiago larritzen ditu.

Sarritan garraio publikoaren zerbitzua areagotzea eta erabilera sustatzea dira mugikortasunaren inguruko politika publiko bakarrak. Eta hauek beharrezkoak dira, noski, baina ez dira nahikoa. Dugun mugitzeko beharra murriztea eta mugikortasun eredua aldatzea ezinbestekoak izango dira trantsizio ekosozial justu baterako.