ELAren arabera EAEko 2012-2020 Mugikortasun Iraunkorrerako Plana hauteskundeetarako propaganda hutsa da

Azken urteetan mugikortasuna asko hazi da, eta behar hau ibilgailu pribatuarekin betetzen da batez ere. Kasu batzuetan erosotasuna edo ohituragatik, baina askotan ibilgailu pribatua da gure mugikortasun modu bakarra, pertsona eta herri guztiek ez dutelako garraio publiko egokirik eta erabilgarririk. Eusko Jaurlaritzak Mugikortasun Iraunkorrerako enegarren plana aurkeztu du. Administrazio bakoitzak berea du, eta oraingo honetan ere antzeko helburuak planteatu dira:
- Trenaren erabilera handitzea.
- Ibilgailu pribatuaren erabilera gutxitzea.
- Merkantzien garraioa hobetzea.
Helburu hauek logikoak eta onargarriak dira, baina azken urteetan helburu berberekin gabiltza, eta plan bat bestearen atzetik, behar berdinekin jarraitzen dugu, ez dugu ezer aurreratzen.
Beti aipatzen da trenbidea bultzatu behar dela, baina apustu hori AHT bezalako azpiegitura handien eraikuntzan oinarritzen dute. Hau bateraezina da markatutako beste helburu batekin: azpiegituren eraginkortasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa. Proiektu hauek ingurumen eragin handia dute, atzeraezina, eta koste sozioekonomikoa izugarria da. Benetan behar duguna gaur egungo sarea hobetzea da, herritarrek gehien erabiltzen dutena hain zuzen.
Ezinbestekoa da zerbitzuen maiztasuna handiagotzea, bereziki hirietatik kanpoko zonaldeetan, bai trenena bai autobusena. Ibilgailu pribatuaren erabiltzaile handienak hiriguneetatik kanpo aurkitzen dira eta hau horrela izatearen arrazoietako bat herri askok duten garraio publiko eskasa da. Maiztasunak oso eskasak dira eta garraio publikoan bidai bat egiteko behar den denbora ibilgailu pribatuan behar denaren bikoitzera iristen da maiz, planak berak onartzen duen bezala.
Planak eskaintza handitu behar ez dela dio, baina ELA ez dago horrekin ados. Eskaintza zabalagoa da zonalde hiritarretan, nahiz eta hirien barruan ere badauden zerbitzu eskaseko zonaldeak, baina zerbitzuak oso eskasak dira batez ere hiri zonaldeetatik kanpo.
Gehiegizko mugikortasuna ez da bakarrik pertsonek dugun arazoa, merkantzien kasuan produktu askok ehundaka edo milaka kilometro egiten dituzte helburura iritsi aurretik. Plan honek egiten duen bezala plataforma logistiko berriak proposatzeak ez du arazoa konpontzen, areagotu soilik egingo luke. Trenbide bidezko merkantzia garraioari dagokionez, behin betiko argitu behar da AHTak ez duela balio merkantziak garraiatzeko eta Plan honek ez du hori argitzen. Beraz trenbide bidezko garraioak oraindik heldu ez den baina heldu behar den erronka bat izaten jarraitzen du.
Plan hau asmo-adierazpen hutsa da, gidalerroak dira, ondoren administrazio bakoitzak bere jardueretan, eta plan honek egitera bultzatzen dituen mugikortasun iraunkorrerako planetan txertatu beharko lituzkeenak.
Ez da logikoa gobernu batek legealdia bukatzeko bi hilabete falta direnean hurrengo 10 urtetarako plan bat aurkeztea, baldin eta hauteskunde helburu bat ez badu. Guzti honengatik ELAk plan honen inguruan egiten duen balorazioa ezin da besterik izan: beste plan batzuk bultzatzeko plan bat da, asmo-adierazpena, baina inongo ekintza konkreturik planteatzen ez duena. Hauteskundeetarako propaganda.