EUSKO JAURLARITZA

EAEko aurrekontuetan saldu nahi diguten ingurumenarekiko lehentasunik ez da ageri

2023/12/22
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek ez dute larrialdi klimatikoak eta trantsizio ekosozialak eskatzen duten norabide aldaketarik egiten.

Ingurumen babesari dagokionez, airearen kalitatea kontrolatzeko sarera 540.000 euro soilik zuzentzen dira. EAEn dugun BEG emisio kopuru handia eta murrizketa behar ikusita, klima aldaketari aurre egiteko ez da nahikoa. Adierazgarriak dira baita ere ingurumen ikuskaritzari zuzentzen zaizkion 15.000 euroak, sail hau baita ingurumenarekin loturiko arau hausteak kontrolatu behar dituena. Inbertsio honekin argi geratzen da Eusko Jaurlaritzari askotan leporatu zaion kontrol falta errealitatea dela.

Energia berriztagarrien arloan, EVEren aurrekontuak begiratuz, energia garbia ekoizteko instalazioak eraikitzeko inbertsioa enpresei eta norbanakoei zuzendutako dirulaguntzetara mugatzen da. Ez dago berriztagarrien ekoizpen publikoa bultzatzeko aurrekonturik. Trantsizio energetiko justu bat izateko, sistemaren publikotasuna eta energia eskubide gisa bermatzea ezinbestekoak dira, eta aurrekontu hauek sektore pribatua laguntzeko bokazioa dute, ez herritarren beharrak asetzekoa. Aipatzekoa da SHESA enpresa publikoa oraindik ere desegin ez izana eta aurrekontuetan 5,5 milioi euro jasotzea. SHESA hidrokarburoen ekoizpena bultzatzeko enpresa da eta bere aurrekontuaren zati handiena, 4,15 milioi euro, gasa explotatzeko kontzesioetan inbertitzen du. Trantsizio energetikoa benetan egin nahi bada, energia fosiletan ezin da inbertsiorik egin.

Tratsizio ekosozialari dagokionez, ELAren aldarrikapen nagusietako bat ekonomiaren birkokapena da, eta honetan ere ez dago aurrerapausurik, guztiz kontrakoa bultzatzen du aurrekontuak. SPRIk nazioartekotzeko ekintzetara 29 milioi euro bideratuko ditu, ekonomiaren birkokapenarekin zerikusirik duen partidarik ordea ez da existitzen. Egungo egoera irauli eta trantsizio justu bat aurrera eramateko, 29 milioi euro hauek ekonomia birkokatzeko eta industria eraldatzeko erabili behar dira.

ELAk egungo egoeraren larritasunari aurre egingo dioten aurrekontuak exijitzen dizkio Eusko Jurlaritzari; trantsizio energetikoa, industriaren eraldaketa eta ekonomiaren birkokapena bultzatuko dituzten aurrekontuak.