KLIMA ALDAKETA

EAJ, PSE eta EH Bilduk onartutako legeak ez du balio bidezko trantsizio energetikoa egiteko

2024/02/23
ELAk egindako analisiaren arabera, EAJ, PSE eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean adostutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea ez dago egungo eredua aldatzera bideratuta. Legeak gizartearen ongizatea, ekitatea eta justizia soziala ezinbestekotzat hartzen dituela esan arren, ekonomiaren lehiakortasuna hobetzea eta “energia bektore berriak” (hau da, hidrogenoa) bezalako soluzio faltsuen erabilera ere babesten ditu. Beraz, argi dago legearen helburua ez dela egungo krisi ekologikoa eragin duen sistema eraldatzea.

Abiapuntua oso kezkagarria da. Berotegi efektuko gasen emisio zuzenak %3 igo dira EAEn 1990etik. Energia fosilak kontsumoaren %84 baino gehiago dira. Gas naturalaren erabilera hazi da gehien 2000-2022 bitartean, %73,9ko igoerarekin.

Oso urrun gaude Pariseko Akordioari begira Europak hartutako konpromisoak betetzetik (EBk emisioak % 55 murriztea ezarri du 2030erako) eta Energiaren Europako Zuzentarauak ezarritakoa betetzetik (2030erako energia berriztagarrien kontsumoa %45 izatea du helburu). Hain zuzen ere, Legeak berak onartzen du ez direla helburu horiek beteko, ezarritako helburuak 1990arekin alderatuta 2030erako emisioak% 33 murriztea, eta energia berriztagarrien kontsumoa %32 izatea baitira. Baina ELArentzat kontua are larriagoa da, Legeak ez baitu neurri zehatzik planteatzen aipatzen diren helburuak beteko direla pentsatzeko ere.

Ez du bidezko trantsizio energetiko baterako neurririk hartzen

Trantsizio energetikoaren atalari erreparatuz, egungo eredu energetikoa betikotzen du legeak, energia fosilean oinarritua eta enpresa handien esku dagoena. Berriztagarrien sorkuntza bultzatzea eta finantziazio gehiago bideratzea positiboa izango da, baldin eta bultzatzen den energia berriztagarri eredua bidezkoa bada, baina Legeak ez dio ematen lehentasunik energia sorkuntza eredu deszentralizatuari, ezta instalazioak kontsumo guneetatik gertu kokatzeari ere. Trantsizio energetikoak energia kontsumoa gutxitzea exijitzen du, berriztagarriek ezingo baitute gure kontsumo osoa ordezkatu, baina Legeak ez du murrizketa lehenesten, energia eskaintza bermatzea du helburu, edozein izanda ere erabiliko den energia iturria.

Legeak “energia bektore berriak” bultzatuko ditu, hidrogenoari atal ezberdinetan lehentasuna emanez, trantsizio energetikoan, garraioan eta industrian esaterako. Erregai alternatiboen inguruan, aipatu bai baina zehaztasunik ez da ematen zeintzuk izango diren eta horrek benetan berriztagarriak ez diren erregaiak sustatu ditzake, esaterako hondakinetatik eratorritako erregaiak. Trantsiziorako energiak ere aipatzen dira (hau da, energia fosilekin jarraitzea), batez ere garraiorako. Hamarkadak daramatzagu trantsiziorako gas naturala erabiltzen eta trantsizioa ahalbidetu beharrean atzeratu egin du. zientziak dagoeneko baieztatu du aipatzen diren erregai alternatibo guzti hauek ez direla berriztagarriak eta eraginkorrak, eta horregatik soluzio faltsu hauek behin betiko baztertzea exijitzen du ELAk.

Energia fosilen inguruan, instalazio fosiletan erabateko desinbertsio publikoa 2030erako egingo dela dio Legeak (urtebeteko epea ezartzen da prozesu hau diseinatzeko). Baina gaur egun inbertsio publikoa dagoen proiektu asko iniziatiba pribatukoak dira, beraz desinbertsioak ez du zergatik suposatu behar proiektu horiek bertan behera geratzen direnik.

Aurrera pausu bakarra energia komunitateei dagokienez eman da, baina hau ez da nahikoa energia eredua eraldatzeko. Energia komunitateak sortzeko laguntzak eta hauei sorkuntza instalazioetarako eremu publikoak erabiltzeko lehentasuna ematea positiboa izango da, baita berriztagarrien instalazio berrietan herritarrek eta komunitateek izan dezaketen parte hartzea ere. Baina parte hartze publiko eta komunitarioaren derrigortasunik ez egotea azpimarratzeko hutsunea da.

Ez da neurririk hartzen klima aldaketari aurre egiteko

Legearen atal sektorialek ez dute aldaketarik ekarriko azken urteetan aplikatu diren politiketan; beraz, ondoriozta daiteke ez dela neurririk hartu klima aldaketa eragozteko.

Mugikortasun jasangarriari dagokionez, garraio sektorea emisio iturri nagusiena dela onartzen du legeak, baina pertsonen eta merkantzien mugikortasuna gutxitzeko neurririk ez du hartzen, ezta garraio publikoaren erabilera bultzatzeko ere. Erregai alternatiboen erabilera sustatzen du gure ekoizpen eta kontsumo eredua mantendu ahal izateko. Mugikortasuna gutxitzeko, ekonomia birkokatzeko eta tokian tokiko ekonomia baterantz egiteko neurririk ez dago. Trenbide sarearen inguruan, hobetu eta zabaldu beharra aipatzen da, eta ELA guztiz ados dago tren sozial baten beharrarekin eta egungo sarea zabaltzearekin, baina inola ere ez AHTa. Legeak ez du bi eredu hauen artean bereizketarik egiten, horrek esan nahi du AHTarekin aurrera egitearekin bat datozela.

Ekonomia zirkularraren alorrean legeak ez du berrikuntzarik ekarriko. Hondakinen balorizazioa bultzatzeaz modu generikoan ari da, beraz erraustegien aldeko apustua babesten du legeak, erraustegiek airearen kalitatean, inguruan bizi diren pertsonen osasunean eta berotegi efektuko gasen isurketan eragin handia duten arren.

Industriari dagokionez, lege honetan industriak dituen emisioak kontrolatzeko eta murrizteko betebeharrik eta tresnarik ez da aipatzen, emisio gehien duen sektoreetako bat dela onartzen den arren. Industria instalazioei karbono aztarna kalkulatzea exijitzea ongi dago, baina honekin batera murrizketa planak exijitzea, erregelamendu zorrotza izatea eta betearaztea exijitzen dugu. Neurri hauen falta lege honen anbizio faltaren erakusgarri da.

Nekazaritzari dagokionez, sektoreak duen karbonoa gordetzeko ahalmena bultzatzea da lege honen helburuetako bat, eta guztiz ados gaude. Lege honek nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua aipatzen du, Europar Batasunaren “Baserritik Mahaira” estrategiaren helburuekin bat eginez: nekazaritza lurren %25 ekologikoan aritzea 2030erako. Benetako apustua izan dadin neurriak hartu behar dira, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak berbideratzea, nekazaritza industrial kutsatzaileari ematen zaizkion laguntzak nekazaritza agroekologikora bideratuz adibidez. Bestalde, zorrotz arautu behar da ingurune naturaletan zein azpiegitura eraiki daitezkeen, lur hauek baliabide mugatuak direlako. Nekazaritzarako balore altuko lurzoruak lehen sektoreko jarduera jasangarrietara mugatu behar dira.

ELAk ekonomia birkokatzeko benetako aurrerapausoak eskatzen ditu

Industriaren benetako trantsiziorako, ezinbestekoa izango da industria sektorea gure lurraldean birkokatzea. Merkantzien gehiegizko mugikortasuna ekarri duten globalizazioak eta internazionalizazioak eragin ekologiko kaltegarriak ditu. Eta hauei aurre egiteko, eta baita etorkizun hurbilean izango diren energia eta material eskasiari aurre egiteko, gertuko ekonomia batean oinarritzeak erresilienteago egiten gaitu (pandemiak argi erakutsi digu). Hau bezalako lege batek birkokapen prozesuak bultzatu beharko lituzke, baita sektore honetan lanean ari diren langileak babestu ere, baina legeak ez du hau egiten. Jakina da hainbat sektore, energia eta materialetan duten gehiegizko kontsumoagatik, menpekotasunagatik edo dituzten gas emisio handiengatik, eraldatu egin beharko direla. Horregatik jasangarriak diren hainbat sektore bultzatu behar dira, esaterako, energia berriztagarriak, eraikinen birgaitzea, garraio publikoa, elikadura burujabetzari loturiko sektoreak, edo hondakinen kudeaketa iraunkorra esaterako. Industriak trantsizio ekologiko justua izan behar du, inor kanpoan utziko ez duena.

Ondorioak

  1. Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Lege honek klima aldaketa eragin eta larrialdi egoerara eraman gaituen sistema ekonomikoa aldatzeko ez duela neurririk planteatzen.

  2. Legea Euskal instituzioek azken urteetan izan duten politikarekin guztiz koherentea da, eta krisi ekologikoa areagotuko du. ELAren ustez ekopostureo hutsa da.

  3. Lege honek EAJ eta PSEren politikekiko ez du aldaketarik suposatzen. EH Bilduk hobekuntza batzuk egin dizkio lege proiektuari, baina oso mugatuak, eta atal gutxi batzuetan bakarrik. Beraz esan daiteke EH Bilduk ontzat eman duela EAJ eta PSEren markoa, klima aldaketaren kontrako neurriak planteatzeari uko eginez, eta trantsizio energetikoa bultzatzen ez duen lege bat onartuz.