EAJ-PSE gobernu akordioaren balorazio ingurumen ikuspuntutik (I)

2020/09/25
Azpiegiturak eta garraio iraunkorraren ikuspuntutik proposamenak egin dira PNV-PSEren gobernu akordioan. Lehen balorazioa esaldi bakar batean: lehengo lepotik burua. ELAk egiten duen balorazioa ezkorra da gai honetan.

a) Mugikortasun Jasangarrirako Plana eta Legea. Trenbideetan inbertsioak bultzatzeko Plana da. Pertsona eta merkantzien garraioa %20 gehitzea du helburu. Hau ezinezkoa izango da trenbide politika AHTan oinarritzen bada, ezin baitu merkantziarik garraiatu eta pertsonen garraioa gehitzea zaila izango da AHTak euskal hiriburuak soilik lotzen baititu eta beste trenbide sare batzuetan zerbitzuak gutxitzen baditu. Trenbidearen erabilera gehitzeko aldirietako zerbitzua eta merkantzien sarea hobetu behar dira.

 

b) Garraio publikoa hobetzeko helburua. Betiko neurriak aipatzen dira (txartel bakarra,...) Ahaztu egiten zaie jendearen beharrei erantzuten dien zerbitzu bat eskaitzen ez bada jendeak ez duela erabiliko: herrien arteko loturak, maiztasunak gehitu,... Garraio publikoaren eskaintza egokia hiri eta herri handietara mugatzen bada zonalde hauetatik kanpo dauden herritarren eskubideak urratzen dira. Legegintzaldi guztietan sarea hobetzeko helburua jartzen da baina populazioaren zati batek ez du bere beharretara egokitzen den garraio publikorik.

 

c) Korridore Atlantikoa. Behin eta berriro AHTaren inguruko kontzeptuak aipatzen dira AHTa aipatu gabe. Elementu asko nahasten dira, esaterako korridore Atlantikoa eta merkatzien garraioa hobetzea. Merkantzien garraioa hobetzea ezinbestekoa da errepide bidezko garraioa gutxitzeko, baina behar honi ez zaio erantzungo AHTarekin, ez baitago munduan merkantziarik garraiatzen duten AHTrik. Trenbide sare konbentzionalaz hitz egiten ari bada (ez baitu zehazten) ados egongo ginake dagoeneko martxan dauden sareak hobetu eta erabilera handiagoa izango balute, ez ordea AHTa zuritzeko.

 

d) Dagoeneko martxan dauden lineak hobetzeaz ere hitz egiten du akordioak. Hau ere legegintzaldi denetan markatzen den helburua da, baina gero trenbideen aurrekontuaren zatirik handiena AHTra doa eta ez da sare konbentzionalaren hobekuntzan inbertitzen. AHTan inbertitzen den dirua guztiz desproportzionatua da, ez baitu Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro aipatzen dituen bidaiari aurreikuspenik beteko, hala esan du Europako Kontuen Epaitegiak eskatutako auditoria independienteak.

 

Akordio honetan egiten diren proposamenak orain arte egin dituzten berdinak dira. AHTa da lehentasuna. ELAk beti defendatu du herritarron mugikortasun beharrei benetan erantzuna emango dien trenbide sare soziala eta garraio publiko sare hedatu eta erabilgarria, baina gobernu akordio honetan ez dago hauen aldeko apusturik.