EAJ-PSE gobernu akordioaren balorazio ingurumen ikuspuntutik (II)

2020/09/25
Ingurumenaren babeserako eta trantsizio ekologikorako beharrezkoak diren alorretan hainbat proposamen egin dira PNV-PSEren gobernu akordioan. Baina argi dago ELAk duen jarrera gai hauetan eta Eusko Jaurlaritzak duena ia antagonikoak direla.

 

a) Elikadura eta landa garapena

Lehen sektorearen etorkizunaz hitz egitean akordio honek modernizazioa, konpetitibitatea, berrikuntza eta internazionalizazioa bezalako kontzeptuak aipatzen ditu, eta aldi berean, nekazaritza ekologikoa lehenetsi nahi dela esaten da. Aipatutako ezaugarri hauek ez dira nekazaritza agroekologikoarekin bateragarriak, ezta klima aldaketaren aurkako borrokarekin eta ingurumenaren babesarekin era. Ezaugarri hauek nekazaritza industrialaren ezaugarriak dira eta nekazaritza eredu industrialak klima aldaketa areagotzen du, ez du ingurumena babesten, ez du belaunaldi aldaketarik bermatzen eta herritarroi ez digu elikadura osasuntsurik bermatzen. Beraz, esan dezakegu atal honek ez duela inongo koherentziarik, guztiz kontraesankorra da. Edo nekazaritza ekologikoa edo nekazaritza industriala, biak ezin dira lehentasuna izan.

b) Estrategia energetikoa

Helburutzat deskarbonizazioa, energia sistemaren iraunkortasuna, energia fosilekiko desbinkulazioa eta berotegi efektuko gasen neutraliatea ezartzen dira. Frackinga alde batera uzten dela ere baieztatzen da. Baina helburu hain garrantzitsu eta zailak betetzeko planteatzen diren neurriak oso eskasak dira. Efizientzia energetikoa areagotzea eta autokontsumoa bultzatzea eraikinetan beharrezkoak dira baina ez nahikoa. Berriztagarrien kontsumoa eta sorkuntza areagotzea ere aipatzen da baina egun energia sortzen duten instalazio fosilak bertan behera uzteaz ez da ezer esaten. Beti aipatzen diren helburuak eta neurriak dira, baina EAEko sistema energetikoa ez da ari aldatzen.

d) Klima Aldaketa

Klima aldaketaren aurkako borrokan garraioaren elektrifikazioa, birforestazioa eta teknologia garbiak inzentibatzea dira neurri nagusiak. Hauek beharrezkoak dira, baina klima aldaketa berotegi efektuko gasek eragiten dute eta gasen murrizketa da garrantzitsuena. Ez da aipatzen industria kutsatzailerik, EAEn asko dira, eta emisioen zati handi baten erantzule izanik berealako eskuartzea egon beharko litzateke industrian, baita garraioan ere, benetan emisioak murriztu nahi badira. Politika fiskal berdea aipatzen da baina inongo neurri zehatzik aipatu gabe. Hutsaren hurrengoa.

e)Ekonomia zirkularra

  • Atal honetan enplegu berdeak aipatzen dira, baina ekodiseinuari eta ikerketari soilik lotzen dira. Gogoratu behar da enplegu berdeak klima aldaketa ekidin edo bere eraginei aurre egiten diren enplegu oro direla. Beraz, beste sektore askotan ere bultzatu behar dira: energia berriztagarrien sorreran, hondakinen prebentzio, berrerabilpen eta birziklapenean, garraio publikoan,...

 

  • Hondakinen gaiari heltzen zaionean, helburuen artean tratatu gabeko hondakinik zabortegira ez eramatea eta erabilera bakarreko plastikoen murrizketa aipatzen ditu. Bi neurri hauek legeak behartuta bete behar dira, beraz, ez du meritu askorik.

 

  • Hondakinen balorizazioa aipatzen da etengabe, balorizazio energetikoa baztertu gabe. Ekonomia zirkularraren atalean balorizazio energetikoa bultzatzea onartezina da. Baliabideak erre eta klima aldaketa eta kutsadura areagotzen dituen jarduera da, osasun kalte izugarriak sortzen dituena, ekonomia zirkularraren guztiz kontrakoa.

 

  • Hondakin industrialen inguruko neurriak ere hartzen ditu gobernu akordio honek. Baina kudeaketa hobetzeko neurriak ez dira nahikoak (tratamendu publikoa, kanonak gehitzea,...). Zaldibarko zabortegian gertatuak kontrol falta izugarria erakutsi du, eta legealdi honetarako helburuen artean kontrola areagotzeko neurririk ez da aipatzen. Onartezina.

 

Gobernu akordio honek ingurumenari lotutako atalean helburu polit eta intentzio on asko erakusten ditu, baina proposametzen diren neurriak ez dira nahikoak helburu hauek betetzeko, eta sarritan kontraesankorrak dira. Helburu huek ez dira nahikoak ELAk defendatzen duen trantsizio ekologikoa aurrera eramateko, beraz borrokan jarraituko dugu politika hauek aldatzeko.