EAJk enpresa elektriko handien etekinak bermatu nahi ditu, herritarron beharrei erantzun beharrean

2021/10/15
EAJk Kongresuan abstenitu egin da argudio faltsuak erabiliz, eta ‘zerutik etorritako etekinak’ diru publikoarekin ordaintzea defendatu egin du Eusko Jaurlaritzak. ELAk salatzen du EAJk enpresa elektrikoen defendatzaile sutsu eta herritarron interesen aurka jokatzen ari da, Madrileko Kongresuan ikusi den bezala. Azken hilabeteetan argindarraren prezioak izan dituen igoeren aurrean herritarrok mobilizazioaren bidez egin dugun presioari esker, enpresa elektriko handien irabaziak aldi baterako mugatzea onartu du Estatuko Gobernuak. Nahikoa ez den neurria, baina hartu beharrekoa.

Hala ere, EAJri ez zaio egoki iruditu enpresa elektrikoen irabaziak mugatzea eta horregatik neurri honen aurrean abstenitu egin da Kongresuan. Onartezina da egoera honetan, milaka herritar argindarra ezin ordainduta daudenean, herritarren beharrei begiratu beharrean enpresa elektriko handiei irabaziak handitzea izatea beraien lehentasuna. Testuinguru horretan kokatu behar dira Iberdrolako agintari nagusien azken bisitak: Urkullu lehendakariak eta Unai Rementeriak Bizkaiko ahaldun nagusiak Ignacio Galani pleitesia zor zioten eta bere enpresaren aginduetara jarri ziren.

Herritarrok ordaintzen dugun elektrizitatearen gehiegizko prezioa sistema elektriko injustuaren ondorioa da, eta sistema honek industriak ordaintzen duen elektrizitatearen gehiegizko fakturetan ere eragiten du. EAJk Kongresuan industriaren aldeko hitzaldia egin arren, beraien botua ez da norabide horretan joan, enpresa elektrikoaren alde bakarrik egiten baitute. Zerutik eroritako onurak ez direla mugatu behar defendatzea, hori industriaren aurka doala argudiatuz, errealitatearekin bat ez datorren aitzakia da. EAJk salatu beharko lukeena da argindar enpresek ez dituztela bete elektrizitatea hornitzeko enpresa industrialekin dituzten prezio finkoko akordioak. Ez betetze hori ez dute dirua galtzen dutelako planteatzen, etekinen murrizketa konpentsatzeko baizik. Beste behin ere agerian geratu da enpresa elektrikoek EAJ dutela beren aliatu nagusietako bat pribilegiozko posizioari eusteko.

Arantza Tapiak (Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoaren sailburua) ere norabide berean doazen neurriak proposatu ditu: argindarraren fakturaren beste hainbat kontzeptu (defizita, berriztagarrien primak…) Estatuak beregain har ditzala, hau da, azkenean gehiegizko prezioa herritarrok ordaintzea. Ezin da onartu Eusko Jaurlaritzaren jarrera, enpresa handien irabaziak babestu eta herritarrok gehiegizko irabazi horiek ordaintzen jarraitzea nahi baitu.