EBk trantsizio ekologikoa erabiltzen du bere betiko politikak zuritzeko

2021/04/09
Europako Parlamentuak 2019ko azaroan aitortu zuen larrialdi klimatikoa. Benetako adierazpena baino, propaganda izan zen gehiago, gerora onartutako politikek zerikusi gutxi baitute ekonomiaren benetako trantsizio ekologikoarekin. Urte bereko abenduan, Europako Batzordeak Europar Batasuneko Itun Berdea aurkeztu zuen, Green New Deal Europarra izenez ezagunagoa. Europa "klimatikoki neutroa" den lehen kontinentea bihurtu nahi du 2050erako.

Europar Batasunak honela definitzen du Europako Itun Berdea: "Hazkunde estrategia berria, kontsumitzen duena baino gehiago ematen duen hazkundea. Gure bizitzeko eta lan egiteko modua, eta ekoizteko eta kontsumitzeko modua nola eraldatu erakusten duena, modu osasuntsuagoan bizi gaitezen eta gure enpresak berritzaileak izan daitezen". Dakiguna jakinda, eta larrialdi klimatikoa aitortu ondoren, EBk hazkundeaz hitz egiten jarraitzea onartezina da. Agerikoa da etengabeko hazkundeari ezin zaiola eutsi baliabide naturalen ikuspegitik, ezta ikuspegi sozialetik ere. Baina zer espero dezakegu trantsizio ekologikoa bere politikak zuritzeko erabiltzen urteak daramatzan erakunde batengandik.

Ekonomia garbi eta zirkular batera igaroz, baliabideen erabilera eraginkorra bultzatuko duela adierazi dute, biodibertsitatea berrezartzeko eta kutsadura murrizteko. EBk adierazten du ekonomiaren sektore guztietan jardungo duela, erakunde publiko batek klima aldaketaren aurkako politikak aurkezten dituen bakoitzean entzuten ditugun hitzak dira, baina azkenean ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik jasanezinak diren proiektuak defendatzen dituzte eta proposatutako neurriak ez dira nahikoak larrialdi ekologikoari buelta eman eta trantsizio ekologiko jasangarria eta sozialki bidezkoa gauzatzeko.

EBren trantsizio ekologikoa mito batean oinarrituta dago: ekonomiak hazten jarrai dezake energia kontsumoa eta ingurumen inpaktuak murrizten dituen bitartean. Baina ez dago baliabide materialik Green New Deal europarrak planteatzen duen trantsizio ekologikoa egiteko, eta ezinezkoa da hazkunde “berdea” materiaren eta energiaren kontsumotik eta hondakinen sorreratik bereiztea. Ezinbestekoa da ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzea, sistemaren eraldaketa sozial eta ekologikoari helduko diona, eta hurbileko ekonomiari eta ekonomiaren birkokapenari lehentasuna emango diona.

2020ak pandemia ekarri zigun, eta dena aldatu zen. Egoera honek sortutako krisiak irauli egin du europar politika, baita ingurumenari lotutako politikak ere. Green New Dealen helburuak Next Generation EU planaren helburu bihurtu dira. Adibide argi bat, ikusi besterik ez dago zer proiektu mota finantzatu nahi diren. Dagoeneko aski ezagunak dira Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Europako funts horiekin bultzatu nahi dituzten proiektuak: AHTa, Nafarroako Ubidea handitzea, berriztagarria izango ez den hidrogenoaren korridorea, erraustegiak... Eta horien atzean multinazionalak daude: Petronor, Iberdrola, Sener, CAF, Irizar, MCC... horiek izango dira funts horien onuradun nagusiak.

Argi dago klima aldaketaren aurka borrokatzeko, larrialdi ekologiko egoerari irtenbidea emateko edo zerbitzu publikoak indartuz gizarte eta osasun krisiari aurre egiteko helburuaren guztiz kontrako proiektuak direla. Baina, gainera, kontatzen ez dizkiguten kontraprestazioak dituzte. EBk lehengo politika berberak egingo ditu, azken urteotan eskatzen dituen lan erreforma eta pentsioen erreforma ere ekarriko dituzte. 2008ko krisian langile klasea gehiago pobretzeko eta kapitala aberasteko erabilitako errezetak dira horiek guztiak.

Zoritxarrez, trantsizio ekologikoa aitzakia gisa erabili da ezertarako balio ez duten edo onartezinak diren politikak justifikatzeko, bai Green New Deal eta baita Next Generation EU planaren funtsak ere. Pairatzen dugun krisi ekonomiko, sozial eta ingurumenekoan sakontzeko baino balio ez duten politikak. Sistemaren erabateko aldaketa bat behar dugu, edonola ere gertatuko den aldaketa bat, kapitalismoak planetaren mugara eraman gaituelako. Kontua da nolakoa izango den aldaketa eta noren mesederako izango den: langile klasearentzat edo aberastasuna pilatzen jarraitzea helburu duen kapitalarentzat.