EHko Eskubide Sozialen Karta eta Zaldibar Argitu herri akusazioa izango dira zabortegiaren erortzearen epaiketan

Auto judizial batek baieztatu duenez, EHko Eskubide Sozialen Karta eta Zaldibar Argitu plataforma herri akusazioa izango dira zabortegian gertatutakoa ikertzeko epaiketan. Kasua berriz ere bi kausatan banatu da. Hori dela eta, bi plataformek izapideak egin dituzte jada bigarren auzian aurkezteko (langileen eskubideen aurkako delituak ikertuko dituzte horretan), eta onartzeko autoa laster jasotzea espero dute.
Autoan agertzen den bezala, gaur egun, auzi honetan ikertutako pertsona juridiko bakarra Verter Reciclyng 2002 S.L. enpresa da, baina uste dute beste erantzukizun batzuk identifikatzen badira, etorkizunean hori alda daitekeela. Kartak eta Zaldibar Argitu plataformaren esanetan, enpresa hori erantzule zuzena bada ere, erantzukizunak ezin dira esparru pribatura mugatu, administrazio publikoak erantzukizun politikoa baitu gertatzen ari zenaren gainean. "Zaborraren kudeaketaren pribatizazioak eta kontrol publikorik ezak edo gutxiegitasunak hondakinen kudeaketaren egungo eredua negozio bihurtu dute, eta patronalak bere onura aurkitu du osasunaren eta bizitzaren kontura".
Hala, Zaldibarren gertatutakoaren konplize izatea leporatu diote Administrazio publikoari, "patronalak defendatzen duen eredua ez salatzeagatik, langileen bizitza eta osasuna bermatzeko beharrezko zaintza, kontrol eta babes neurriak ez hartzeagatik, eta hondakinen kudeaketa eredu jasangarri baterako trantsizioa ez egiteagatik".
Gaineratu dutenez, 2020ko otsailaren 6ko gertakariak agerian uzten du eredu ekonomiko hori jasanezina dela, "sufrimendua, heriotza eta desberdintasuna baino ez baititu ekartzen, eta pertsonen bizitzarekin aurrez aurre jartzen baitu". Horregatik guztiagatik, politika publikoen lehentasunak errotik aldatzea aldarrikatzen dute, baita hondakinen kudeaketaren esparruan ere.