Ekainak 24: Enpleguak Klima Aldaketara Egokitzeko Nazioarteko Eguna

2020/06/23
Ekainaren 24a Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioak (ITUC) enplegua klima aldaketara egokitzeko egun bezala izendatu du aurtengoan ere. Hau bigarren urtea da eta ELArentzat oso egun garrantzitsua da. Sindikalismoak eta ingurumenak duten lotura zuzenena hau baita, nahiz eta bakarra ez izan. ELAk Hego Euskal Herrian klima aldaketaren egoera zein den eta berari aurre egiteko proposamenak aurkezteko txosten bat egin du.

 

Ihaz ELAk kanpaina bat jarri zuen martxan Hego Euskal Herriko enpresa kutsatzaileenetan. Enpresa hauetako ordezkariek enpresako arduradunei eskutiz bana idatzi zieten. Eskutiz horretan enpresari informazioa eskatzen zitzaion bere jardueraren inguruan: enpresak zituen berotegi efektuko gasen emisioak eta zein neurri hartzen ari ziren emisio hauek murrizteko. Galdera erraza izan zen baina ez dugu inoren erantzunik jaso. Enpresek duten jarrera itxi honen aurrean, aurtengoan, datu zehatzak guk geuk ematea pentsatu dugu, egoeraren larritasuna zein den agertzeko. Beraz, zein da HEHko egoera klima aldaketari dagokionez?

ELAk HEHko klima aldaketaren egoeraren azterketa egin berri du (ikusi hemen txosten osoa) eta datuak oso kezkagarriak dira.

Berotegi efektuko gasen (BEG) emisioak gorantz doaz etengabe, 2008ko krisiaren ondorioz beherakada izan zuten baina 2016az geroztik goranzko joeran jarraitzen dute. Hau oso adierazgarria da, argi ikusten baita emisioak murrizteko instituzioen politikak ez dutela inongo eraginik, beherakadak koiuntura ekonomikoaren araberakoak baitira. Bestalde, 2020rako Europar Batasunak ezarritako %20ko murrizketarekin ere ez da bete. EAEren emisioak 2017an %8ko igoera izan zuten eta Nafarroak %42ko igoera.

Sektore ekonomiko bakoitzak pisu ezberdina du BEG emisioetan. EAEri dagokionez, emisio gehien dituen sektorea garraioa da, BEGen %36,5 igortzen du. Industria eta energia dira emisio gehien dituzten beste bi sektoreak, emisioen %24,3 eta %23,4 igorriz, hurrenez hurren.

 

 

Nafarroan berriz, emisio gehien igortzen dituen sektorea industria da, BEGen %36,5 igortzen du. Honen atzetik garraio sektorea eta energiarena daude, emisioen %20,3 eta %17,2 igorriz hurrenez hurren.

 

 

Industriak, garraioak eta energia sektoreak badute gaitz komun bat, energia fosilarekiko menpekotasuna, eta datu hauek baieztatu egiten dute. Hego Euskal Herrian industria, energia eta mugikortasun ereduak ez dira iraunkorrak, eta industriaren eta energiaren benetako trantsizio ekologiko bat aurrera eramatea beharrezkoa da. Prozesu hauek aurrera eramateko badaude alternatibak:

  • Energia sektoreko emisioak murrizteko beharrezkoa da energia trantsizioa, energia kontsumo puntuetatik ahalik eta gertuen ekoiztea eta berriztagarrietan oinarritzea.

  • Industriaren emisio kopurua murriztu den arren, emisio altuko sektorea izaten jarraitzen du. Beharrezkoa da industriaren errekonbertsio ekologikoa, batez ere materialen erabilera, ekoizpen prozesua eta hondakinen kudeaketa aldatuko dituena.

  • Garraio sektorearen emisio kopurua izugarria da, dugun mugikortasun eredua banakakoa eta enegia fosiletan oinarritua delako. Apustua garraio publikoan eta ibilgailuen elektrifikazioan egin behar da.

Neurri hauek aurrera eramateko behar beharrezkoa da borondate politikoa, eta gaur egun gauden krisialdi berri honetatik ateratzeko ezinbestekoak izango dira neurri hauek. Hala ere, ikusten ari gara betiko errezetak bultzatzen ari direla instituzioak: masa turismoa bultzatu, ibilgailu konbentzionalen erosketetarako dirulaguntzak eskaini... Norabide honetan jarritzen badugu klima aldaketa are larriagoa izango da, eta nahiz eta industria buruek beste aldera begiratu, sektoreari eta bertako enpleguari eragingo die. Proposatzen ditugun neurriekin eta enplegu iraunkorrak sortzen dituzten sektoreak bultzatuta, hau da, klima aldaketari aurre egiten diotenak, ekonomiaren trantsizio ekologikorantz pausuak emango genituzke. Ez dago beste biderik, sistema aldatu behar da, ez klima.