Larrialdi ekologikoaren aurrean, antolatu!

2022/06/06
Ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Aurrean ditugun erronkak izugarriak dira. Krisi energetikoa, hainbat materialen eskasia, eta klima aldaketa, besteak beste, larrienak. Sistema energetikoa aldatu behar dugula inoiz baino argiago dugu. Energia fosilekiko dugun menpekotasuna izugarria da, eta honek ekonomian eta ingurumenean du eragina. Ez badugu bidezko trantsizio energetiko bat aurrera eramaten etorkizun iluna izango dugu, bai enplegu duinak defendatzerakoan, baita gure bizimodua aurrera ateratzerakoan.

Klima aldaketa ere geratzeko etorri da, eta gero eta eragin handiagoak sumatzen ditugu. Ez bakarrik pazifikoko irletan, gure herrian ere kalte ugari sortzen ditu. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, 2021ean inoizko datu txarrenak erregistratu dira berotegi efektuko gas pilaketan, itsas mailaren igoeran, eta ozeanoen berotze eta azidifikazioan.

Azken urteak beti izan dira errokor urteak, eta hurrengoak ere hala izango dira, ez baita neurririk hartzen egoera beste bat izateko. Larrialdi ekologikoak ziurgabetasun handiko urteak ekarriko ditu, eta badakigu horrelako egoeretan krisiak langileok ordaintzen ditugula, beraz, antolatu gaitezen bidezko trantsizio ekologiko eta soziala aurrera eramateko. Langileon bizitza erdigunean jarri eta benetan garrantzitsuak diren gauzak defenda ditzagun. Ez dugu beste irtenbiderik.