EKOFEMINISMOA

Ekofeminismoa eta antimilitarismoa batera doaz

2025/04/25
Gerrak, emakumeek eta aurrera atera behar dituzten haien familiek jasaten dituzte bereziki. Beraien bizitzak gero eta prekarioagoak dira, eta arrazakeria edo klasismoa bezalako beste zapalkuntza batzuek ere gurutzatzen dituzte. Ekofeminismoak patriarkatuaren, arrazakeriaren eta kapitalismoaren aurka borrokatzen du.

Ekoeminismoak ez du soilik planeta defendatzen, bizitza ere defendatzen du, horregatik da antimilitarista. Mundu osoan berrarmatzearen une honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da ikuspegi hau. Ekofeminismoak patriarkatuaren, arrazakeriaren eta kapitalismoaren aurka borrokatzen du, ondasun naturalak, bioaniztasuna eta bizimoduak akabatzen ari direlako planeta osoan.

Gatazka armatu asko daude martxan, baliabideak eta lurraldea kontrolatzeko gerrak. Hauek ekosistemetan, biodibertsitatean eta planetaren erreprodukzio prozesuetan dituzten inpaktuek larriagotu egiten dituzte klima aldaketa eta elkarrekin lotuta dauden beste krisi batzuk, hala nola, krisi ekologikoa, ekonomikoa edo energetikoa. Horren ondorioz, gero eta zailtasun gehiago daude planetan bizirauteko. Gero eta pertsona gehiagok, milioika pertsonak, gero eta bizimodu prekarioagoa dute; gero eta pertsona zaurgarri gehiago daude.

Gerrak emakumeek eta aurrera atera behar dituzten haien familiek jasaten dituzte bereziki. Patriarkatuak emakumeak bihurtzen ditu giza bizitzaren sostengu eta natura eta gainontzeko izaki bizidunen mantenuaren arduradun nagusi, eta horregatik gerra egoeretan, beraien bizitzak gero eta prekarioagoak dira eta gainera beste zapalkuntza batzuek gurutzatzen dituzte, arrazismoa edo klasismoa kasu.

Zoritxarrez, borroka armatuak eta gerrak normalizatzen ari dira Estatuen, korporazioen eta enpresen jarduteko modu gisa, lurraldeak eta baliabideak okupatu eta kontrolatzeko asmoz. Etorkizuneko kolonialismoa da. Testuinguru horretan, urtero, ehunka emakume, lurraldearen defendatzaile, hiltzen dituzte planeta osoan, eta gero eta desjabetza eta militarismo handiagoko praktiken biktima izaten dira. Gobernuak eta enpresa handiak konplizeak dira eta, beraz, erantzukizuna dute.

ELAk antimilitarismoa aldarrikatuko du Maiatzaren 1 honetan. Gerrak sistema kapitalistaren ondorio direlako eta potentzia handiek gerraren bidez gero eta baliabide natural eta ekonomiko gehiago pilatzen ari diren korporazio handien interesak defendatzen dituztelako. Mehatxua dira demokraziarentzat eta giza eta gizarte eskubideentzat.