Ekonomiaren trantsizio ekologiko eta soziala posible da (iritzia)

2014/02/01
ELAko bi afiliatuk errealitate bihurtu dute, muntaia kate batean lan egiteari utzi eta produktu ekologikoak saltzen dituzten denda batean hasi dira lanean.

Azken hilabeteetan ELAn ekonomiaren trantsizio ekologikoa eta soziala nola aurrera eraman aztertzen aritu gara. Egun daukagun sistema kapitalista ingurumen eta gizarte ikuspuntutik bidegabea da, eta sindikatu garen heinean trantsizioa bultzatzea dagokigu. Eraldaketa honek sektore batzuen doitzea dakar, baina baita beste sektore batzuetan lanpostuak sortzea ere. Eta hau posible dela frogatzeko Txemi Olave eta Eduardo Gómez de Segura elkarrizketatu ditugu, Gasteizen produktu ekologikoak saltzen dituen denda bat ireki berri dute. Automozioaren sektorean lan egitetik produktu ekologikoak saltzera pasa dira.

Ze erlazio duzue ELArekin?

Urte asko daramatzagu afiliatuta eta enpresako langile batzordeko kide izan gara. ELAk daukan munduaren ikuspuntua konpartitzen dugu. Autonomoak izan arren afiliatuta jarraitzen dugu eta prest gaude ELArekin ahal dugun heinean lankidetzan aritzeko.

Nola eta zergatik erabaki zenuten aldaketa hau egitea?

Gure aurreko lanak, muntaia kate batean, ez zigun inongo ekarpenik egiten; guztiz kontrakoa alegia. Proiektu hau txantxa bezala hasi zen baina momentu batean garatu eta errealitate bihurtu zitekeela ikusi genuen. Hilabeteetan lan egin dugu errealitate bihurtzeko, lokalean eta etxean eta hemen gaude. Gure lanpostua sortzeaz gain, Ekobazterren saltzen ditugun produktuen baloreak erakutsiz kontzientzia sortzea posible dela uste dugu. Ekologikoa dena epe luzerako inbertsio bat da zentzu guztietan.

Ze onura pertsonal ematen dizue ekologikoki eta sozialki bidezkoagoa den sektore batean lan egiteak?

Lehen esaten genuen. Auzoko enda bat izatea dugu helburu, horrek suposatzen duenarekin. Gertuko tratua, aholkularitza, kontzientziazio ahalmena. Planetaren etorkizuna beste kontsumo eredu batek bermatuko du, kontsumo arduratsuak, eta gaur egungo kontsumo joerak aldatu eta beste eredu osasuntsuago batera pasatzea erronka bat da. Zaila agian, baina polita dudarik gabe.

Ze ezaugarri ditu denda honek beste batzuek ez dutena?

Altzariak guk egin ditugu material birziklatuz, adibidez palet, ardo kaxa edo kafe kapsulak erabiliz. Gure fruta eta barazkiak gertukoak eta sasoikoak dira. Gainera bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzeak inplikatzen duena erakutsi nahi dugu, edo ekologia zer den azaldu. Honetaz gain eskubide sozialekin guztiz kontzientziatuta gaude eta GKE ezberdinekin ari gara elkarlanean. Momentu honetan Setemekin ari gara, euskal GKE interesgarri bat da. Lokala elkargune bat izatea nahi dugu hitzaldi, eztabaida talde edo birziklapen tailerrak antolatuz.

Kontsumo taldeen konpetentzia zuzena al zarete?

Ezetz uste dugu. Bezero tipologia ezberdinak ditugula uste dugu; otarren banaketak kontsumo joerak aldatzea bultzatu dezake eta hori oso ona da. Izatez, denda otarra banaketa egiteko puntu bezala jartzea pentsatzen ari gara.

Denda fisikoaz gain sare sozialetan ere bazaudete...

www.ekobazter.com da gure bloga, eta Facebooken eta Twiterren perfilak ditugu. Mundu birtuala dendaren gehigarri oso garrantzitsua izango da gai garrantzitsuen zabalkunderako. Ekologia, kontsumo arduratsua, giza eskubideak, animalien eskubideak,... planeta hau hobea egingo duen guztia. Izatez gure ideien oinarria hau da eta honek motibatzen gaitu.

 

Eskerrik asko bioi zuen esperientzia erakutsi eta ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredua aldatzea posible dela frogatzeagatik. Ekonomiaren eraldaketa ekologiko eta sozialak horrelako aldaketa esperientziak behar digu azken helburua lortzeko: mundu hobeagoa, bidezkoagoa, eta planetaren mugak errespetatuko dituena.