GUGGENHEIM (URDAIBAI)
Ekonomikoki eta sozialki zentzugabea, ingurumenaren ikuspuntutik bidegabekeria
Akats larria da eskualdeak behar duen etorkizuneko proeiktua turistifikazioan eta azpiegitura handietan oinarritzea; beste herrialdeetan izaera horretako apustuek herritarrei ekarritako kalteak eta galerak ikustea besterik ez dago.
Eskualdeak behar duena transizio ekosozial justuaren printzipioetan oinarrituriko etorkizuneko proiektua da, pertsonak eta bizitzak erdigunean jarriko dituena, planetaren mugak errespetatuko dituena, eta negozio handien mesederako baino, herritarren ongizaterako pentsatuko dena. ELAk norabide horretan lanean jarraituko du, eskualdean trantsizio ekosoziala bideratzeko proiektuak babestuz.
Proiektu bidegabe honen aurka nazioarteko sinadura bilketa deitu da, Solomon R. Guggenheim Foundation-i Urdaibaiko Biosfera Erreserba suntsitzeari uko egin diezaiola eskatuz. Sindikatuak dei egiten dio bere afiliazio guztiari sinatu dezan.
Urdaibai inguruko eragile sozial eta sindikatuek mobilizazio ugari egin dituzte Guggemhein berri bat eskualdean eraikitzeko proiektuaren bidegabekeria salatzeko. Urriaren 19rako Urdaibaien eraiki nahi den Guggenheimen aurkako manifestazioa deitu da eta ELAk mobilizazio honetan parte hartzeko deia egiten du. Eta behin betikoz proiektu hau bertan behera uzteko eskatzen dio Euskao Jaurlaritzari.