Planeta da koronabirusaren onuradun nagusia

Koronabirusak duela aste batzuk jende gutxik imajinatuko zukeen argazkia utzi du: kale hutsak, fabrika asko itxita, autorik gabeko errepideak … Mundu osoan gertatzen ari da koronabirusa hedatzen ari den heinean. Giza jardueraren paralisi horren onuradun nagusia ingurumena da. Egungo egoera ez da inoren gustukoa, mundu mailako pandemia. Baina etorkizunerako ondorioak ateratzeko eta egungo krisiarentzat irtenbide ekologiko eta soziala prestatzeko balio behar du.
CO2 isurien beherakada herrialde askotan gertatu da, batez ere, ibilgailu motordunen joan etorrien jaitsierari, ekoizpen industrialaren beherakadari eta kontsumo txikiagoari esker. Horrek kutsadura gutxiago ekarri du, ura eta arnasten dugun airea askoz garbiago daude. Hori Txinan ikusi genuen, baina Venezian, Bartzelonan eta Madrilen gertatzen ari da. Eta baita Euskal Herrian ere.
-
Italiako iparraldean, Covid19 foku handiena eta konfinamendu neurri zorrotzagoak hartzen ari dena, datu ezohikoak eman dira BEG mailetan, eta ondorioz, airearen kalitatea asko hobetu da.
-
Madrilgo Udalaren datuen arabera, kutsadura %35 murriztu da egun gutxi batzuetan. Konfinamendu egunetan hiriko barruti guztiek airearen kalitatearen indizea "oso ona" dute.
-
Bartzelonan, Generalitatearen datuen arabera, nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioak erdira murriztu ziren hiru eguneko konfinamenduaren ostean.
Airearen kalitatean izango duen eraginak, beharbada, ez du iraungo pandemiak eta konfinamenduak irauten duten denboraz haratago, eta beraz, epe luzera ez du esan nahi BEG asko jaitsiko direnik. Baina egoera hori frogatzen ari da trafikoaren eta industria kutsatzailearen jarduera murriztea bezalako neurriek berehalako ondorioak dituztela, bai ingurumenean, bai kutsadurak eragindako gaixotasunak jada pairatzen dituzten pertsonen osasunean. Ez da ahaztu behar espainiar estatuan urtean 16.000 heriotza izaten direla atmosferako kutsadurak eraginda.
Hau da daukagun ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredua hausnartzeko eta birpentsatzeko unea, baita lan egiteko modua ere. Telelana handitu egin da, baina aldaketa kultural, antolakuntzakoa eta teknologikoa behar ditu. Aldaketa horri esker, joan-etorrien kostu ekonomikoa eta ingurumenekoa murrizteko aukera dago, kontziliazioa errazteaz gain.
Eta ezin dugu ahaztu egun hauetan zerbitzu publikoak jokatzen ari diren papera, murrizketa handiak eta pribatizazioak jasan ondoren, osasun krisi honetatik ateratzeko funtsezko lana egiten ari dira. Pandemia osteko egoera une erabakigarria izango da koronavirusari aurre egiteko baldintzarik onenak ez izatera eraman gaituen sistema hau aldatzeko neurriak hartzeko.