ELA Energia Eskubidearen inguruan Bruselan ospatu diren jardunaldietan izan da

Klima aldaketa inoiz ezagutu dugun katastroferik handiena da, baina biktima gehienak hegoaldea globalean daude. Klima aldaketari aurre egiteko hurrengo urteetan neurri zorrotzik hartzen ez bada, mundu mailako beroketa 5 gradukoa izatera iritsiko da.
Egoera honi buelta emateko energia kontsumoa %40 murriztu beharko da, baina aldi berean energiara sarbide justua izatea bermatu behar da. Materialen erabilera ere gutxitu behar da (aluminioa, kobrea,...).
Baina, nolakoa izan behar da trantsizio energetikoa?
Aberastasunaren banaketa bidegabea eta sistema injustu honen testuinguruan, trantsizio energetikoak justua izan behar du. Iparralde globala da emisioen ardura duena eta bitartean beste batzuek 5 dolar baino ez dituzte egunean bizitzeko, jendea gosez hiltzen da, energiara sarbiderik gabe bizi da....
Jardunaldietan eman diren eztabaida ezberdinetan argi geratu dira bi irizpide: batetik trantsizioa eta sektore energetikoa botere publikoen esku egon behar dela. Hau horrela ez bada, energia merkantzia gisa tratatzen jarraituko da eta, ondorioz, ez da energia eskubidea bermatuko, enpresen irabaziak izango baitira helburu nagusi; bestetik, trantsizioa energetiko justu batean sortuko diren alternatibetan, izan energia berriztagarri kooperatibak edo berriztagarrien sorkuntza egiten duten komunitate proiektuak, gizarteko talde guztiek, eta batez ere zaurgarrienak, parte hartu behar dute trantsizioa justizia sozialean oinarrituta egon dadin.
Sindikatuek ere badugu zer egina bide honetan, ekonomiaren deskarbonizazioa eta justizia soziala bermatu behar baitira trantsizio prozesu honetan.