ELA Peruko arrantza komunitateei babesa eman die Repsolen aurkako borrokan

2023/03/23
Peruko arrantzaleak nazioartean informazio kanpaina bat burutzen ari dira, La Pampillako petrolio isuriaren ondoren Peruko arrantza komunitateek duela urtebetetik bizi duten drama ikusarazteko. Arduragabekeria baten ondorioz, Repsolen findegi batek 6.000 petrolio-gordin upel inguru isuri zituen Peruko kostaldean.

2022ko urtarrilaren 15eko petrolio isuriak kaltetutako barrutietako artisau arrantzaleak borrokan daude. Repsoli eta Peruko estatuari ingurumen justizia eskatzen diete kutsatutako eremurako, eta beraien bidezko eskaera sozioekonomikoei erantzuteko exijitzen ari dira.

Arrantzaleek salatu dute lanik gabe eta ekonomia hondatuta utzi dietela. Ekosistemen bidezko leheneratzea eskatzen dute, eta baita oinarrizko eskubideak eta ingurumen eskubideak errespetatzeko gutxieneko bermeak ematea ere. Diotenez, “ezin da izan multinazional bat beste herrialde batetik etortzea, baliabideak ateratzea, fintzea eta horrelako zerbait gertatzen denean eragindako kalteak ez onartzea”.

 

Horregatik eskatzen dute:

  • Itsasoa behar bezala leheneratu eta birpopulatzea bermatzea, artisau arrantzaleen parte hartzearekin.

  • Repsolek bere irudia garbitzeko desinformazio kanpaina geldiaraztea eta itsasoa garbitu, birgaitu eta birpopulatzeko lanak egitea.

  • Repsolek artisau arrantzaleek konpentsatuak izateko duten eskubidea bermatzea, itsasoa behar bezala birgaitu eta birpopulatu arte.

  • Repsolek arrantzaleei eginiko jazarpena bertan behera uztea, hitz engainagarriekin epaitegietatik kanpoko transakzioak sina ditzaten beren eskubideei kalte eginez.

  • Repsolek elkarrizketa mahaiaren sorrera onartzea, herritarren defentsarako erakundearen eta giza eskubideak bermatzen dituzten erakundeen esku hartzearekin, kaltetutako artisau arrantzaleen aldeko konponbide integrala eta bidezkoa adosteko.

  • Repsolek konpentsazio aurrerapenak ordaintzen jarraitzea, elkarrizketa mahaiaren bidez konponbide integrala eta bidezkoa adostu arte.

  • Orain arte erroldatu edo konpentsatu ez diren arrantzaleak errolda bakarrean sartzea onartzea.

 

ELAk elkartasuna adierazi nahi die Repsolen eta Espainiako eta Peruko estatuen arduragabekeriak kaltetutako milaka langileri, eta osatzen duten komunitatearen bidezko eskaerei erantzutea eskatzen du.