MINERAL KRITIKOAK
ELAk “Bidezko Trantsizio Ekologikorako mineral kritikoak” jardunaldian parte hartu du

Erregai fosilen erabilerarekin amaitzea premiazko beharra da. Hala ere, Trantsizio Energetikorako eta Digitalerako “funtsezkotzat” jotzen diren mineralen hornikuntza bermatzeko Europako eta Estatuko politikak meatzaritza bultzatzen ari dira Europa barruan eta kanpoan, ingurumenari, osasunari eta pertsonen eta komunitateen eskubideei lotutako hainbat inpaktu eraginez.
Martxoaren amaieran, Europako Batzordeak Europako lehenengo 47 proiektu estrategikoen zerrenda iragarri zuen. Estatuan, sei erauzketa-proiektuk eta birziklatze-proiektu batek hainbat abantaila administratibo eta ekonomiko emango dizkien estatusa lortu dute. Proiektu gehienek erantzun soziala izan dute, eta hainbat erakundek ohartarazi dute halako proiektuek ingurumen eta gizarte arriskuak dituztela.
Baliabide mineralen aldeko lasterketa horretan, funtsezkoa da mineralen irensle den armamentuaren goraldia ulertzea. Europako Batzordeak armamentuaren aurrekontua bost aldiz handituko duela iragarri du, eta EBko kide diren herrialdeek ere bat egingo dute aurrekontuen handitzearekin.
Ukaezina da erregai fosilak uztea ezinbestekoa eta premiazkoa dela. Egia da Hego Globalean pertsonak eta lurraldeak ustiatuz lortutako mineralez hornitzen dela gure kontsumoa Europan, eta injustizia global hori ezin dela betikotu. Hala ere, gobernuek eta enpresek aurkezten duten narratiban galdera asko daude, eta horiei ez zaie behar adina leku ematen: Saihestezina al da datozen urteetan mineralen eskaria handitzea? Zenbat mineral beharko ditugu eta zertarako? Europa barruan meatzaritza ugaritzeak “baliabideen kolonialismoa” desagerrarazten lagunduko ote du? Nola ekin landa eremuetako enplegu beharrari? Eta askoz gehiago.
Galdera horiek eta beste batzuk jorratzeko, hainbat erakunde sozial eta sindikal bildu gara. ELAk parte hartu du jardunaldian, bere proposamenak aurkeztuz. Bideo honetan jardunaldi osoa ikus daiteke:
https://www.youtube.com/watch?v=m6mlJPGv-HQ
Estraktibismoaren aurkako manifestu bat ere aurkeztu dute:
https://www.antiextractivismo.org/manifiesto-antiextractivista/
ELAk sinatu du, sinatu zuk ere!