ENERGIA BERRIZTAGARRIAK
ELAk alegazioak aurkeztu dizkio EAEko energia berriztagarrien LPSari

Energia berriztagarri instalazio gehiago eraikitzeak soilik ez du behar dugun trantsizio energetikoa posible egingo. Horretarako, beharrezkoa izango da energia fosilaren erabilera murriztea ere, gaur egun energia kontsumo osoaren %67,1 baita.
Balorazioa sakonago atxikitako txostenean
Energia berriztagarrien instalazioak ezartzeko hainbeste baimen eskaera izaten ari diren momentuan, onartezina da Jaurlaritzaren energia berriztagarrien plangintza oraindik onartu gabe izatea. Horregatik, ELAk hainbatean eskatu du Lurralde Plan Sektoriala LPSa onartu arte moratoria bat ezartzea eta plangintza onartu arte baimenik ez tramitatzea.
Eusko Jaurlaritzak zabaldu du energia berriztagarrien LPSaren hasierako dokumentuari alegazioak aurkezteko epea, eta ELAk alegazioak aurkeztu ditu.
LPSaren edukia aztertu ondoren, ELAk honako balorazio hau egiten du dokumentuaz:
- Ahalik eta instalazio berriztagarri gehien eraikitzea du helburu, errentagarritasun ekonomikoa lehenetsiz.
- Eredu jasanezin horrek, inpaktu handiak sortuko dizkio lurraldeari.
- Ez du energia fosilaren ekoizpena murriztearen aipamenik egiten.
- Lurralde osoan instalazioak eraiki ahal izatea ahalbidetzen du.
- Energia ekoizten duten enpresen aldeko plangintza da.
- Eskaeren arabera egingo da planifikazioa, hau da, planifikatzen ari direnak enpresak dira, beraien interes propioei bakarrik erantzunez.
- LPSaren arabera, landa eremuaren garapen aukera bakarra ahalik eta energia berriztagarri gehien ekoiztea da. Baina errealitatea guztiz kontrakoa da.
ELArentzat onartezina da, eta eredu alternatibo baterako neurriak exijitzen ditu:
- Energia kontsumoa murriztea, ezinezkoa izango baita berriztagarrien bidez asebetetzea.
- Ekoiztu beharreko energia berriztagarri kopurua zehazteko herri, hiri edo eskualde batek izan behar duen kontsumoa aztertu eta horren neurrirako proiektu bat planteatu, kontsumo murrizketa neurri osagarriekin
- Autokontsumoa ahalik eta gehien garatu, energia merkatuaren logikatik kanpo eta eskubide bezala bermatzeko.
- Energia sorkuntza deszentralizatu, energia behar den lekutik gertu ekoiztuz.
- Energia iturri berriztagarriak dibertsifikatu.
- Ingurumen kalteak minimizatzen dituzten proiektuak lehenetsi.
- Politika publikoek trantsizio eredu honen aldeko hautua egin behar dute.
- Eredu hau bultzatzen duten energia komunitateak sortu, herritarren eta gertuko administrazioen partaidetza aktiboa bermatzen dutenak.