KLIMA ALDAKETA

ELAk bat egin du erregai fosilen aurkako mundu mailako borroka astearekin

2023/09/11
Aste honetan, mundu osoko milioika pertsona aterako dira kalera erregai fosilak azkar, eta modu justuan amaitzeko. Euskal Herrian ere mobilizatuko gara. ELAk bere egiten ditu aldarrikapen horiek.

Krisi klimatikoa areagotu egin da, eta, horri erantzunez, justizia klimatikoaren aldeko mugimendua indartu egiten da. Mundu mailako mobilizazio honek erregai fosilen aroa suntsitzeko ahaleginak berritu eta indartzen ditu.

Aldi berean, aste honetan NBEren Anbizio Klimatikoaren Gailurra egingo da New Yorken, eta mundu osoko agintariek parte hartuko dute krisi klimatikoaren funtsezko arrazoiei aurre egiteko. Herrialde kutsatzaileenetako agintariek erregai fosilak azkar eta zuzen ezabatzea lortu beharko lukete, eta baita mundu mailan finantzatzea ere, gobernuak benetan egiten ari direnetik oso urrun.

Bien bitartean, klima aldaketak gure bizi baldintzak gero eta okerragoak egiten ditu. Ondorio suntsitzaileek, hala nola, aurrekaririk gabeko bero boladek, uholde hilgarriek eta muturreko fenomeno meteorologikoen hazkundeak, une honek duen garrantzia eta premia erakusten dute.

Errotik aldatu behar da egungo ekoizpen, banaketa, kontsumo eta mugikortasun sistema, erregai fosiletan oinarritua eta klima krisia eragiten duena. Hala ere, ikatzaren, petrolioaren eta gasaren industriak, Euskal Herrian oso esanguratsua denak, sistema harrapari eta suntsitzailea bultzatzen jarraitzen du, pertsonei eta planetari kalte eginez eta klima kolapsoa elikatuz. Erregai fosilak txarrak dira klimarentzat, ekosistementzat, gure jendearentzat, gure osasunarentzat, gure demokrazientzat eta gure ekonomiarentzat.

Mundu osoan, mugimendu sindikala, ELA barne, eta beste gizarte eragile batzuk bat egiten ari gara erregai fosilik gabeko mundu bat eskatzeko eta industria hori eta haren interesak babesten dituztenen aurka borrokatzeko eta Euskal Herrian ere mobilizatuko gara. Horregatik, ELAk dei egiten du Moyua plazatik irailaren 15ean 19:00ean aterako den manifestaziora joateko.