MUGIKORTASUN JASANGARRIA
ELAk bat egiten du subflubialaren aurkako manifestaziorekin eta Bizkaiko Foru Aldundiari exijitzen dio proiektua bertan behera uzteko

Leioa eta Sestao lotuko lituzkeen autobide subflubialak 450 milioi euroko kostea izango du. Lanek izan dezaketen gainkosteak kontuan hartuta, askoz garestiagoa atera daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak berak onartu du azpiegitura honek autoen erakartze efektua eragingo duela, eta trafikoa %33an areagotuko dela 2048rako. Beraz ez ditu trafiko arazoak konponduko, kontrakoa baizik. Honek klima larrialdia eta airearen kutsadura areagotuko ditu. Beraz, gehiegizko ingurumen kalteak eragingo ditu eta trantsizio ekosozialaren irizpideen guztiz kontrakoa da.
Proiektua kaltegarria izango da bereziki lanak egingo dituzten eremuetako herritarrentzat. Autobidearen lanek hainbat ikastetxe kaltetuko dituzte eta baita inguruko birika berdea den Artatza parkean ere.
450 milioitik gora azpiegitura honetara bideratu beharrean, garraio publikora, Osakidetzara, edota zaintza sistemara bideratu behar dira, benetan pertsonen beharrak hauek baitira eta ez beste errepide bat.
Garraio publikoa indartzea da trafiko arazoa konpontzeko bidea. Gaur egun, Ezkerraldea eta Txorierri artean garraio publiko bidezko lotura oso txarra da, bi eskualdeen artean mugitzeko %6k bakarrik erabiltzen du garraio publikoa. Kopuru hau hobetzeko inbertsioak eta politika aktiboak egin behar dira, baina ez errepideetan, garraio publikoan baizik. Garraio publikoa da alternatiba eta lehentasuna izan behar da. Garraio publikoaren hobetzea eta deskontuak bultzatzen dituzten politikak emaitza ezin hobeak ematen ari dira azken urtean. Inoizko erabiltzaile kopuru handiena izaten ari dira garraio publikoak eta hau mantendu eta hobetu egin behar da.
Arrazoi guzti hauengatik, itsasadarraren azpiko autobidearen aurkako mugimendu sozialek otsailaren 8rako manifestazioa deitu dute Bilbon, 17:00etan Arriagatik aterako dena. ELAk bere babesa eman dio mobilizazio honi eta bertaratzeko deia egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko azpiegitura hau baztertu dezala exijitzeko.