HEGOALDEKO TRENBIDE SAIHESBIDEA
ELAk bat egiten du martxoaren 14an Barakaldon egingo den Hegoaldeko Tren Saihesbidearen aurkako manifestazioarekin

Mobilizazioa 19:00etan hasiko da, Gorostizan, eta 20:00etan amaituko da, Barakaldoko erdiguneko Bide Onera plazan. 'Hegoaldeko Tren Saihesbideari ez!' lelopean, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak bultzatutako ekimena salatuko dute: merkantzia trenaren ibilbide berri bat egitea, portutik Bilborantz, Gorostizatik igaroko dena 130 metro luzeko zubi batekin.
Erakunde publikoek kalkulatu dute guztira 484,7 milioi euroko kostua izango duela 12 kilometroko bideak, eta, Gorostiza gaineko zubiaren egungo diseinuan, Barakaldoko auzo-elkarteen, eragile sozial eta ekologisten eta Udalaren beraren gaitzespena eragin du. Hala ere, Udalean agintean dauden EAJ eta PSE alderdiek (Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren buru ere badira) trena defendatzen dute, nahiz eta Errekatxoko bailara tunel moduan zeharkatzea eskatu.
Hau da administrazio publikoek planteatzen duten alferrikako beste azpiegituretako bat. Ez ditu saihesten trenak herritarrei eragiten dizkien eragozpenak, kostu ikaragarria du, diru publikoarekin ordainduko dena horrek beste partida sozial batzuetan eragiten dituen murrizketekin. Arrazoi guzti hauengatik ELA azpiegitura horren aurka agertu da eta martxoaren 14an Barakaldon egingo den manifestazioarekin bat egiten du.