ELAk bere militantzia Goienerrera pasatzera animatzen du!

2017/07/07
ELAren 14. Kongresuak bere egiten du “Sistema aldatu, ez klima” leloa. Bide horretan, konpromisoa hartzen du eraldaketa modu integralean bultzatzeko, beti ere ekoizpen, banaketa eta kontsumo sistemari logika sozial eta ekologikotik begiratuz.

Erronka hau ez da batere erraza. Parean dugu irabaziak maximizatu eta etekin pribatuak biderkatzea soilik nahi duen sistema. Sistema krudel honek egoera sozial eta ekologikoaren gordintasun eta larritasuna ezkutatzen digu, eta jada martxan ditugun alternatibak utopia hutsa direla sinestarazi nahi digu. Horregatik, gure lana jendartea kontzientziatzea da, alternatibak posible direla transmititzea, ikusgarri jartzea, eta aliantzak eta konfiantza lantzea. Izan ere, alternatibak errealak dira, existitzen dira. Eta beroiekiko jarrera proaktiboa izatea da egin dezakegun gauza onena. Sistemari aurre egiteko modurik praktikoena.

Ekoizpen, banaketa eta kontsumo sistemak eraldatzeko bidean, ekonomia sozial eta ekologikoaren baitako egitasmoak indartzea gakoa da. ELAk eman ditu pausu garrantzitsuak bide horretan. 2014an, adibidez, sindikatuaren argindar hornitzaileak aldatzeko erabaki irmoa hartu genuen: enpresa kapitalistak alde batera utzi, eta Goiener kontsumo kooperatibara egin genuen jauzi, gure egoitzak energia berriztagarriz soilik hornituz.

Goiener kontsumo kooperatibaren helburu nagusiarekin bat egiten du ELAk: jendarteak, energia iturrien gaineko kontrola berreskuratzea, bere garrantziaz kontzientziatu eta energia kontsumo arrazional eta efizientea bultzatuz.

Orain pausu bat harago joan nahi dugu. Aldaketa ELA osatzen dugun guztiongana iristea nahi dugu. Izan ere, energia kontsumitzaile garen heinean, gakoak gara eraldaketa lortzeko. Gakoak gara sistema iraultzeko.

Guztion indarra batzen badugu, eta gure kontsumoa aldatu, sistema behartuko dugu energia berriztagarrien ekoizpena biderkatzera. Behartuko dugu bestelako energia iturriak baztertzera, energia nuklearra, ikatza edota gasa, adibidez. Horregatik, pausu txiki bat emateko garaia iritsi zaigu guztioi, pausu txiki baina eraginkorra: hornitzaile elektrikoz aldatzea.

Eta nola aldatu hornitzailez?

Oso erraza da!

Lehenik, Goiener kooperatibako bazkide izan behar duzu; horretarako webgunean formulario bat bete behar da datu pertsonalekin, eta 100 €ko ekarpen bakarra egin kapital sozialera (bazkidetza uztean zenbateko hau itzuliko litzaizuke). Horrela kooperatibako bazkide bilakatuko zara, botoa emateko eta erabakietan parte hartzeko eskubidearekin. Goienerrera pasatzeko ez dago instalazio elektrikoan aldaketarik egin beharrik.

Ondoren, online egindako beste tramite soil batekin bezero bihurtuko zara, eta sistema eraldatzeko pausu garrantzitsua emango duzu.

 

Bere webgunean: http://www.goiener.com/eu/izan-bazkide/

Posta elektronikoa erabiliz: bazkidetza@goiener.com

Telefonoz: 943 088 444 (astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00 bitartean)