COP28 GOIBILERA

ELAk COP28an zehar espazio alternatiboetan egin diren aldarrikapenekin bat egin du

2023/12/14
Hainbat eragilek, baita ELAk ere, klimaren goibilerek duten arrakasta maila tamalgarria ikusita, espazio alternatiboetan parte hartzen dugu klima aldaketari aurre egin eta benetan behar ditugun neurriak eta politikak aldarrikatzeko. Aurten ere hainbat ekimenetan parte hartu dugu.

Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (ITUC) parte izanik, urtero egin dugun bezala, sindikatuek klimaren goibilerarako landutako aldarrikapenekin bat egin dugu:

  • Bidezko Trantsizioari buruzko programa onartu, lanarekin lotutako gaiek leku nabarmena har dezaten politika klimatikoei buruzko eztabaidetan.

  • Giza eta lan eskubideak defendatu, eta, aldi berean, klimari buruzko politikak egiteko parte hartze inklusiboa sustatu.

  • Klima aldaketaren eraginak arinzeko anbizioa indartu, bidezko trantsizio neurrietan oinarrituta, kalitatezko lanpostuak sortzeko.

  • Gizarte babeserako plan sendoen eta finantzaketa mekanismoen bidez, klima aldaketaren eraginetara egokitzeko beharrei erantzutea. Galera eta Kalteen Mekanismorako finantziazioa ahalbideratu bidezko trantsizioan inbertitzeko.

Demokrazia Energetikorako Sindikatuen Sarean (TUED) ere parte hartzen du ELAk. Sare honetan parte-hartzen dugun sindikatuok goibileraren inguruan hainbat aldarrikapen egin ditugu bidezko trantsizio energetikorako finantziazio publikoaren alde:

  • Erregai fosilak ezabatzeari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea, industriarekiko independentea izango dena.

  • Bidezkoa den trantsizio energetikorako finantzaketa publiko eraldatzailea .

  • Herrialde kutsatzaileek gaur egun dugun krisiagatik dagokien zatia ordaindu eta langileentzako eta komunitateentzako bidezko trantsizioa finantza dezaten araudiak onartzea.

  • Erabaki ekonomikoak demokratizatzea, Hegoalde Globaleko gobernuek ahots eta parte-hartze bera izan dezaten munduko finantza arkitekturan.

  • Erregai fosilen aroa bukatzea eta guztiontzako %100 berriztagarria izango den ekonomia eraikitzea. Erregai fosilak finantzatzeari uztea.

  • Irtenbide faltsurik ez ematea. Karbonoa biltegiratzea eta jatorri fosileko hidrogenoa bezalako teknologiak ez daude frogatuta, garestiak dira eta erregai fosil kutsatzaileekiko dugun mendekotasuna luzatzen dute.

  • Komunitateak zuzendutako konponbide eraldatzaileei lehentasuna ematea, etorkizun bizigarri, iraunkor eta bidezkoago baterako behar ditugun proiektuak eraikiz. Energia berriztagarrietarako azpiegiturak, ingurumen justizia eta demokrazia energetikoa lehenestea.

  • Finantza erakunde publikoak eraldatzea, demokratikoak, iraunkorrak, eskubideak errespetatzen dituztenak, feministak, pertsonengan oinarrituak eta gardenak izan daitezen.

  • Eskubideetan oinarritutako proiektuak eta erakundeak bultzatzea, informaziorako eta erreparaziorako mekanismo gardenak, giza eskubideen nazioarteko estandarrak eta legeen aurrean legezko erantzukizuna izan behar dutenak.

COP28a bezalako gailurrek ez dute neurri eraginkorrik hartzen, baina are gehiago, ez dute neurri eraginkor eta justuen inguruko hausnarketarik ere egiten. Horregatik da garrantzitsua espazio alternatibo hauetan parte hartzea, pertsonen beharrak eta eskubideak erdigunean jartzen ditugunok asko garela eta alternatibak baditugula aldarrikatzeko. ELAk espazio hauetan lan egiten eta kalean mobilizatzen jarraituko du, goibilerak ez direlako gure lekua.