ELAk dio onartezina dela 'Tapia Legea', azpiegiturak udalen onespenik gabe eraiki ahal izango direlako

2021/12/02
Sindikatu eta eragileek kontzentrazioa egin dute Legebiltzarraren aurrean Ingurumen Administrazioren Legeari (Tapia Legea) egindako zuzenketak salatzeko. Izan ere, EAJren eta PSE-EEren babesarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolaketari buruzko maiatzaren 30eko 4/1990 Legea aldatu dute. Horrek esan nahi du aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak udalek baztertzen dituzten azpiegitura proiektuak inposatu ahal izango dituela. Horretarako Goi Mailako Interes Publikoko Proiektuen figura asmatu dute, eta udalaren babesa beharrik gabe eraman ahal izango dira figura hori aitortuta dituzten proiektuak. Ez dituzte zehaztu zeintzuk izango diren, baina pentsatzekoa da kontrakotasuna sortzen duten proiektuei aplikatuko zaiela izendapena.

Arantza Tapia buru dela, Eusko Jaurlaritzak oposizio ororen gainetik igaro nahi duela dio ELAk, parte hartzerik gabe eta proiektuak inposatuz herritarren iritzia kontuan hartu gabe.

Sindikatuak dioenez, proiektu horiek zeintzuk izango diren oraindik zehaztu ez bada ere, argi dago proiektu horiek gutxi batzuen interes pribatuei baino ez dietela erantzungo: gas putzuak, erraustegiak, goi tentsioko lineak, parke eoliko eta fotovoltaiko handiak...

Gauzak horrela, ELAk legeriaren aldaketa hori errefusatu du, “demokraziaren aurkakoa delako eta gutxi batzuen interesak benetako interes publikoaren gainetik ezarriko dituelako”.