ELAk EAEko Hondakin Planari alegazioak aurkeztu dizkio

1. Planak ongi adierazten duen bezala, arazo bat dago hondakinen prebentzio eta kudeaketari dagokionez. Eta berau konpontzeko oinarriak eta helburuak zehaztu behar dira, batez ere hiri hondakinei dagokienez. Alabaina, ez gatoz bat hondakin mota horien gaur egungo egoeraren azterketari buruz egiten diren zenbait ondorio eta baloraziorekin:
- Araba eta Bizkaiari dagokionez, planak ondorioztatzen du beharrezko instalazioak eraikita daudela jada eta bete egingo direla finkatutako helburuak. Gipuzkoako kasuan, aldiz, proiektatutako azpiegiturak garatu gabe daudela zehazten da planean, eta atzerapen horrek 2016ko helburuak ez betetzea ekarriko duela ondorioztatzen da. Ezintasuna ez da ordea proiektatutako azpiegitura horiek zegokion epeetan ez eraikitzearen ondorio, arazo politiko baten ondorio baizik. Azpiegitura horiek eraikita baleude, eta horretarako hainbeste traba jarri izan ez balira, Gipuzkoak bete eta hobetu egingo lituzke aurreko planaren helburuak ez ezik, baita 2020ko Plan honen helburuak ere, eta epe hori baino lehen, gainera.
- Bilketa sisteman balorizaziorako gaitasuna handitzeko egingo diren hobekuntzei dagokienez, ELA ados dago horrekin. Beti ere balorizazio materialaz ari bagara (hau da, materialak birziklatzeaz eta berrerabiltzeaz), eta ez energia-balorizazioaz (materiala erretzea energia sortzeko).
2. Planaren helburua da hiri hondakinen gaikako bilketa %75ean egitea, eta hondakin horien %60 birziklapenerako prestatzea eta balorizatzea. Gipuzkoan, gaikako zenbait bilketa sistemen bidez %85 jasotzen da jada modu selektiboan. Baditugu baliabideak planteatutako helburuak 2020 baino lehen betetzeko, eta, beraz, helburu horiek berrikusi eta goragoko beste batzuk planteatu beharko lirateke. Beste helburuetako bat da 2016a baino lehen biohondakinen %100 tratatzea, Europako hondakinei buruzko zuzentarauak horretara behartzen baitu. Baina, nola egingo da hori biohondakin horiek jatorrian eta gaika ez badira biltzen eta konpostatzeko behar beste plantarik ez badago? TMB plantetan hondakinen ehuneko handia ezin da berreskuratu. Azpiegitura horiek lehenetsiz gero, eta jatorrian gaikako bilketa egiteko apustua alde batera utziz gero, errausketaren edota zabortegien alde egiten da argi eta garbi.
3. Planean aipatzen da Ekonomia Zirkularra, hau da materialak modu eraginkorrean erabili eta hondakinak ahalik eta gehien berrerabiltzen dituen ekonomia. Baina planteatzen diren helburuak eta neurriak ez dira nahikoa Zero Waste helburura hurbiltzeko ere, eta helburu hori funtsezkoa da ekonomia zirkularrean; miran jarri beharreko helburua, hain zuzen. Ez dio ELAk, Europako Batzordeak dio.
4. Planifikazioari dagokionez, eta planteatutako ekintza eta programa zehatzei dagokionez, sentsibilizazio-kanpainetan eta borondatezko akordioetan oinarritzen dira batez ere ekimen horiek, eta, horrenbestez, gaikako bilketa-tasen eta, ondorioz, birziklatze-tasen hobekuntza mugatua izango da. Hiri hondakinak jatorrian gaika bereiztea derrigorrezkoa izatea planteatu behar da; industriako hondakinen frakzio gehienetan dagoeneko hala egiten da. Derrigorrezkoa izatea inflexio-puntu bat da hondakinen prebentzio eta kudeaketa politiketan.
5. Planifikazioaren atalean, proposatutako neurriek (4. puntuan aipatutakoek) erakusten dute ekonomia zirkularraren printzipioa ez dela lehentasunezkoa. Hierarkiaren eta ekonomia zirkularraren printzipioak lehenetsiko balira bestelako interes eta printzipio batzuen gainetik, aukera legoke, egiaz, plan honetan aipatzen den beste printzipioetako bat errespetatzeko: iraunkortasunerako, merkatu berdea sustatzeko eta enplegua sortzeko printzipioa, hain zuzen. ELAn eginiko azterlan baten arabera, sektore hori iraunkortasuneko eta ekonomia zirkularreko printzipio eta irizpideekin garatuz gero, aukera legoke EAEn 7.000 enplegu berde sortzeko (eta jakina, enplegu berdeari buruzko azterketa horretan ez dira aintzat hartzen energia-balorizazioaren eta errausketaren aukerak).
Hau guztia aintzat hartuta, eskatzen dugu, lehenik eta behin, gure ekarpenak aintzat hartzeko, eta, bigarrenik, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana 2020 egitasmoa aldatzeko, iraunkortasun, ekonomia zirkular eta enplegu berde duin eta kalitatezkoak sortzeko irizpideak eta printzipioak oinarri hartuta.