ELAk energia berriztagarrien instalazio berrien onarpena atzeratzea eskatu du

2023/01/18
Ezinbestekotzat jotzen du lehenik Energia Berriztagarriaren Plan Sektoriala onartzea proiektu berriak egiteko baimenak eman aurretik, eta gogorarazi du plangintza horrek zehaztuko duela etorkizunean energia berriztagarrien instalazioak eraikitzeko lekua eta modua.

ELAk luzamendu bat eskatu du, energia berriztagarrien instalazio berriak behin-behinean geldiarazteko, gizartearen energia beharrak aztertzeko eta kontsumoa zenbat murriztu beharko litzatekeen zehazteko. Tapiaren adierazpenen arabera, 15 proiektu daude martxan fase desberdinetan. Araban eraiki nahi diren parke eolikoetako bik, Labrazakoak eta Azazetakoak, ingurumen inpaktuaren adierazpena jaso dute. Biak Aixeindarrek (Iberdrola) bultzatutako proiektuak dira.

Energia berriztagarriekin sortuko den energia kontuan hartuta, ELAk ezinbestekotzat jotzen du energia fosilen ekoizpenaren murrizketa planifikatzea. Era berean, gogorarazi du proiektu horiekin energia gehiago ekoiztea baino ez dutela planteatzen, ez fosila berriztagarriekin ordezkatzea.

ELAk dio gizartean eztabaida pizten duen gaia dela, eta, beraz, Berriztagarrien Plan Sektoriala gizartearen parte hartze zabalarekin egin behar dela, pertsonak eta ingurumena lehenetsiz.