ELAk Europako Jardunaldi Ekosozialistetan parte hartu du
Klima aldaketa ondorio larrienetakoa duen krisi ekologikoa, aurrekaririk ez duen mehatxua da gizateria eta ingurumenarentzat. Hondamendi honen sustraian zibilizazio bat aurkitzen da, mendebaldeko kapitalismoaren zibilizazioa, zeina mugarik gabeko irabazien pilaketan, kontsumismoan eta merkantzien fetitxismoan oinarrituz eraiki den. Bere mugarik gabeko hazkundearen logika naturaren babesarekin bateraezina da.
Sistema kapitalistak eskainiriko irtenbideak (kapitalismo berdea, garapen iraunkorra, karbono merkatua, energia nuklearra,...) onartezinak dira eta ez daude gizateriak aurrean duen larrialdia sozial eta ekologikoaren mailan. Ekosozialismoa sozialismoaren eta ekologia kritikoaren ideiak uztartzen dituen saiakera da. Bere helburua zibilizazio berri bat da, bizimodu alternatibo bat, balio etiko eta sozial berrietan oinarritua. Ekosozialismoa ez da kapitalismoarekin bateragarria. Ekosozialismoa antikapitalista eta feminista da.
Alternatiba honen eraikuntzan batera aurrera egiteko deialdi bat egin da erakunde, mugimendu sozial, kolektibo eta pertsonek parte hartu dezaten. Topaketa hauen helburua esperientziak partekatzea, ekosozialismo kontzeptuan sakontzea, programa bateratu bat garatzea eta kanpaina komunak proposatzea izan da.
Ehunka pertsona, elkarte, mugimendu sozial eta sindikatuk erantzun diogu deialdiari topaketetan parte hartuz. Hiru egunetako programa bizia izan da, gai ezberdinei buruzko hitzaldi eta tailer ugarirekin, beti ere gaur egungo sistema ekonomiko, energetiko, produktibo eta kontsumoari alternatibak proposatzeko helburuarekin.
Azpimarratzeko parte hartzeak izan dira. Esaterako aurretik ELArekin elkarlanean aritu den Yayo Herrero aktibista ekofeminista. Bere hitzaldian ekosozialismoaren borrokan ere lan erreproduktiboa ageriko egitearen garrantzia azpimarratu zuen. Andaluziako SAT sindikatuaren ordezkaritza bat ere izan zen, Juan Manuel Sánchez Gordillo eta Mari Carmen García Bueno, buru zituena, beraiek Andaluziako langileen borrokak eta Hegoaldeko eta Europako nekazarien borrokak azaldu zizkiguten. Topaketa hauetan parte hartu duen ELAren ordezkaritzak, sindikatuek trantsizio ekologikoan duten paperaren inguruan eta transformazio sozialaren aldeko borroka eta alternatiben inguruan antolaturiko tailerretan parte hartze aktiboa izan dugu. Trantsizio energetikoa, erronka ekologikoak eta erresistentziak Europan, gizateriaren erronka ekologikoak edo Hegoaldetik ikasi dezakegunaren inguruko tailerretan ere izan gara. Leku ugaritan martxan jarri diren esperientziak ezagutu ditugu: borroka sozialetan parte hartzen duten ekoizle eta kontsumitzaileek osaturiko kontsumo taldeak, moneta lokalak, Andaluziako jornalarien lur publikoen okupazioa, sindikatuen ingurumeneko lan ildoak edota hauen gabezia, Greziaren egoera ikuspuntu ekosozialistatik, ekonomia sozial eta solidarioaren adibideak Ginebra hirian, emakume nekazarien borroka Frackingaren aurka Frantzian,...
Kapitalismoaren aurka, eta bere alde berdearen aurka, borrokan ari diren pertsonen eguneroko errealitatea ezagutzeaz gain, Ginebraren alde lotsagarriena ere bisitatu dugu, lehen begiratuan ikusten ez direnak baina hor daudenak: banku opako garrantzitsuenak, lehengaien merkatua non egunero munduko lehengaien erdia birtualki bertatik igarotzen den, Barcenasek bere milioiak ezkutatuta zituen bankua, eta nola ez, auziperatutako infantaren “apartamentua”, hilero 18.000 euro kostatzen zaiguna. Oso era diskretuan ezkutatzen saiatzen diren lotsak.
Topaketetan landu den beste gai bat hurrengo hilabeteetarako borroka eta mobilizazio agenda izan da. Azken urteetako borroka moldeen inguruan hausnarketa egin da eta gertuko etorkizunerako ditugun beharrak aztertu ditugu. 1999an Seattlen egin zen OMCren bilera inflexio puntua izan zen neoliberalismo basatiaren aurkako borrokan, eta orduandik mugimendu eta hitzordu ugari antolatu dira gai ezberdinen ingurukoak, ez beti espero zen arrakastarekin. Kopenhagen egin zen NBEren Klima Aldaketaren Konferentzia, klima aldaketaren aurkako borrokan beste inflexio puntu bat izango zela uste zen, ez izan espero zena. Baina handik beste mugimendu batzuk sortu ziren, Justizia Klimatikoa Orain edo Bizi! Bezalakoak, zeinak borrokan eta mobilizazio eta alternatibak proposatzen aritu diren. Etorkizun gertukoenari begira, klima aldaketaren aurkako borrokari berriro ekin behar zaio eta erlazionatutako beste borrokak artikulatzeko zutabe bihurtu behar da. Parisen 2015ean egingo den Klima Aldaketaren NBEren konferentziara (COP21) bidean jarraitu beharreko bidai orria eztabaidatu eta proposatu da. Hitzordu honetarako bidean borroka bizirik mantentzeko abiapuntua tokian tokiko ekintza eta mobilizazioak izango dira. Sarean antolatuta egoteak eta beste leku batzuetan aurrera daramatzaten alternatibak ezagutzeak, ekonomia solidario, justu eta ekologikoa errealitate bihurtzea ahalbideratuko du. Osagarri hauekin iritsi behar gara 2015ean Parisera, mundu mailako hitzordu hau Kopenhage izan ez zen inflexio puntu izan dadin.