ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio 2013ko aurrekontuetan AHTari dirurik ez zuzentzeko

2013/01/29
ELAk, AHT Gelditu! Elkarlana eta beste eragile sozial eta sindikatuekin batera, Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio 2013ko aurrekontuetan AHTari dirurik ez zuzentzeko.

AHT Gelditu! Elkarlanak, ELAk eta beste eragile sozial eta LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek, Eusko Jaurlaritzari AHTren proiektua behingoan gelditzea eta bertan behera uztea eskatzen diogu. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek gizartearen oinarrizko beharrak bermatzea lehenetsi behar dutela uste dugu (hezkuntza, osasungintza, gizarte zerbitzuak eta beste) eta ez baliabide publikoen xahutzailea eta lurraldearen suntsitzailea den AHT moduko proiektu elitistak. Proiektu hau gaur egun, azpiegitura handien eredu gisa agertzen zaigu: defizitaren sinonimoa dena, errentagarritasunik gabea, zarrastelkeria hutsa dena eta gure lurraldea saretzen ez duena.

Euskal Y-an aurrekontuaren herena bakarrik gastatu den arren, dagoeneko sozialki, ekonomikoki eta batez ere ingurumenari dagokionez jasan ditugun eraso eta kalteak nabarmenak dira: lurraldeari egindako kalte itzelak, lurren okupazioa, zabortegi berrien sorrera, harresi efektua, harrobi berrien irekiera edo daudenen gain esplotazioa zementua ekoizteko, CO₂ isurketak, kutsadura, e.a.

Duela bost urte pairatzen dugun krisi larriaren ondorio latzena Europako langabezia tasa altuena edukitzea da, soilik Greziak eta Espainiak baino bajuagoa duguna. Geraldi egoera honetatik ateratzeko aukerak ez dira batere argiak zulo ekonomikoa handitzen baitoa. Klase xehe eta herrikoien poltsikoak hustutzen jarraitzen duten bitartean, pentsioak izoztuz, lansariak gutxituz, lanak prekarizatuz eta osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan murriztuz, AHTren eraikuntzarekin soilik eraikitzaile zehatz batzuk aberasten dira, gizarte ezberdintasunen tartea handituz doan bitartean. Eta hau guztia, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin gertatzen ari da, gobernuko kideek elite ekonomikoen interesetara makurtzen diren titere moduan jarduten baitute. AHT eraikitzeak lanpostuak sortzen dituela esaten digute. Jakina, baina sortzen duen lanpostu bakoitzeko (lan eta soldata baldintza ezin txarragoetan eta aldi baterako bakarrik) beste lanpostu batzuk galtzen dira egiten diren murrizketengatik, hauek bai egoki ordainduak, iraunkorrak eta kualifikatuak direnak.

Arestian aipatutako arrazoiengatik, 2013ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzari AHTrentzat partida ekonomikorik onar ez dezala eskatzen diogu eta honekin batera, otsailaren 20rako elkarretaratzeak deitzen ditu Eusko Jaurlaritzaren Donostiako eta Bilboko Ordezkaritzen aurrean, AHT behingoan geldi dezatela eskatzeko.