ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio Zumarragan plastikoak pirolisi bidez tratatzeko “erraustegia” zabaltzeko asmoa bertan behera uzteko

2021/12/22
Eusko Jaurlaritzak hondakin industrialak kudeatzeko egin nahi dituen instalazio berrien artean, Zumarragan plastikoak tratatzeko planta bat dago. Arcelorri erositako lurretan kokatu nahi dute eta 2023 amaieran irekiko da. Urtean 33.000 tona plastiko hartuko ditu eta pirolisiaren bidez erregaiak egiteko olioa aterako dute. Hau da, hondakin solidoak errez erregaia sortzen du, eta Europar Batasunaren beraren auraudiaren arabera (2010/75EU art 3.4 Europako Zuzentaraua) ere, erraustegi bezala definitzen da. Beraz, Zumarragakoa ere (Bergaran paper hondakinentzat eraiki nahi da beste bat) erraustegia izango da. Hondakinen tratamendu hau onartezina da ELArentzat.

Horrelako instalazioek ez dute lekurik gaur egun sufritzen dugun krisi klimatiko eta ekologikoan. Bergarako erraustegia eraikitzeko asmoa salatu genuenean ere esan genuen: alternatiba hondakinak gutxitzean datza. Ekoizpenean neurriak hartu behar dira horrenbeste hondakin ez sortzeko. Industria politika ekonomia zirkularra bultzatzean oinarritu beharko litzateke, baina oraingo industria politikak ez du ekoizpenean eraldaketarik planteatzen, bultzatzen duen bakarra arazoa areagotzen duen internazionalizazioa da, onartezina dena ELArentzat.

Proiektu honen inguruko informazio falta ere salatzen du ELAk. Eusko Jaurlaritza ezkutuan ari da instalazio mota hau kudeatzen, eta bitartean Tapia Legea onartzen dute azpiegitura hauek inposatzeko.

ELAk urteak daramatza errausketa hondakinen kudeaketarako tratamendu txarrena dela esanez, eta orain ere hala diogu. Erraustegiak osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak dira eta Europako ingurumen eta hondakin politiken guztiz aurka doaz gainera.

Europan zehar gisa honetako instalazioetan izandako esperientzien ondorioz, jakina da hondakinen pirolisi bidezko errausketak ez duela bultzatzaileek saltzen duten ekoizpen energetikoa eskaintzen. Ekologikoki ez dira jasangarriak, baina ezta ekonomikoki ere. Esaterako, Erresuma Batuan publikoki finantzatutako lau gasifikazio eta pirolisi erraustegitatik, bi ez ziren heldu martxan jartzera ere, hirugarren bat ez zen behar bezala funtzionatzeko gai izan eta itxi egin zuten eta laugarrenak hainbeste akats zituen, berreraikitze fasean dagoela.

Behar bezala garatutako teknologia ez den neurrian, ingurumenarentzako mehatxuaz gain, herritarren eta instalazioetako langileen segurtasunerako ere arriskutsuak dira. Alemaniako gasifikazio instalakuntza batean jazotako hondamendia kasu, non emisioen eta erabilitako muturreko errausketa metodoen ondorioz, erraustegiaren tximinia eta sabaia kolapsarazi zituen.

Ekonomikoki ez da bideragarria, ingurumenarentzat mehatxu larria suposatzen du, herritarren eta langileen osasun segurtasuna arriskuan jartzen du, prekarietate iturri da eta badira arazo berari erantzuteko lanpostu gehiago, duinagoak, seguruagoak eta ekologikoagoak eskaintzen dituzten ereduak.

Horregatik, Zumarragako proiektua bertan behera utzi eta behingoan, hondakinen tratamendu iraunkorretan inbertitzeko eta ekonomia zirkularrean oinarritutako industria politika bultzatzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari.