ELIKADURA BURUJABETZA

ELAk guztiz arbuiatzen du Eusko Jaularitzak eskola publikoetako jantokien kudeaketa arautzeko onartu duen agindu berria

2024/10/14
20 urte eta gero, agindu berriak orain arteko eredua betikotzen du, azken urteetan egon diren enpresen iruzur, erabiltzaileen kexa eta hezkuntza komunitatearen eredu alternatiboen proposamenen aurrean beste aldera begiratuz eta katering enpresa handien negozioa bermatuz. Ez da kasualitatea, atzean daude zerbitzu publiko baten pribatizazioarekin negozioa egin nahi duten interes politiko neoliberal eta diruzaleak.

ELAk aspaldi salatu zuen EAEko administrazio publikoaren helburua dela negozio osoa sektoreko enpresa eta interes pribatu handiei ematea. Publikoak izan beharko luketen zerbitzuen pribatizazioak eta horrek dakarren azpikontratazioak gure erakundeek kostuak merkatzeko erabiltzen duten prekarizazioa dakar, ematen dugun zerbitzuaren kalitatearen kontura. Ezin da ahaztu eskola jantokiak zerbitzu publikoak direla eta horrela izaten jarraitu behar dutela. 

Agindu honen arabera, sektoreko enpresak kontratatzea izango da zerbitzua kudeatzeko aukera bakarra. Kudeaketa eredu alternatiborik ez da aipatzen, are gutxiago ELAk defendatzen duen jantoki eredua: elikadura burujabetzan oinarritua, tokiko ekonomia bultzatzen duena eta eskola komunitatearen parte hartzearekin kudeatua. Sukalderik ez duten eskolak sukaldea eraikitzeko egiten ari diren eskaeren aurrean ere ez du inongo aukerarik ematen. Kontratuen baldintzak Hezkuntza Sailak zehaztuko ditu, beraz hezkuntza komunitatearen parte hartzerik ere ez da egongo.

Eusko Jaurlaritza plantillen egunerako garrantzitsuak diren alderdiak arautzen ari da, alde sozialarekin kontrastatu gabe, eta ELAtik aldarrikatzen dugu, baldintza horiek arautu aurretik, kontuan har daitezela ELAtik hainbat aldiz egin ditugun ekarpenak.

Baldintza prekarioak dituen sektorea da, eta kontratuen partzialtasuna legezkotasunaren mugatik gertu dago; beraz, gutxieneko lanaldiak eta soldata-igoerak bermatzen ez badira Madrilen hitzartutakoa baino, hitzarmen honen emaitza prekarioagoa izango da. Horregatik guztiagatik, ELAk ratioak berrikustea eta soldata igoerak aldarrikatzen ditu, ez bakarrik langile propioentzat hitzartutako igoeraren menpe, baizik eta soldata igoerak bizitzaren benerako garestitzearekin bat etortzea eta langileen erosteko ahalmena nabarmen hobetzea.

Hezkuntza komunitatearen gehiengoak, eta ELAk, jantokiak kudeatzeko eredu alternatiboa defendatzen dugu:

  • Zentro bakoitzak jantokiaren kudeaketa eredua aukeratzeko autonomia izan behar du.
  • Aukeratzen den kudeaketa eredua edozein izanda ere, zerbitzuaren publikotasuna defendatu, elikadura burujabetzan oinarritu, eta elikagaiak osasuntsuak eta kalitatezkoak izatearen baldintzak bete behar ditu.
  • Defendatzen dugun jantoki publikoen eredua elikagaien kalitatean, janari osasuntsuan, ekoizpen prozesu agroekologikoan, bertako produktuetan, bertako ekonomiaren bultzadan eta ingurumenaren babesean oinarritzen da.
  • Proposamen osasuntsuagoa, justuagoa eta iraunkorragoa da, eta gainera eskolako sukaldea eta jantokia garrantzi handiko heziketa espazio bilakatzen ditu.
  • ELAtik sektoreko langile guztientzako enplegu duina eta kalitatezkoa defendatzen dugu.

Arrazoi guzti hauengatik eskola publikoetako jantokien kudeaketa eredua aldatu beharra dago eta agindu hau bertan behera uztea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari.