TRANTSIZIO EKOSOZIALA

ELAk hurrengo hilabeteetan trantsizio ekosozialaren erronkari helduko dio

2024/04/25
Gaur egun sindikatuan dugun erronka nagusietako bat etorkizun hurbilean egin beharreko trantsizioa da. Ez bakarrik trantsizio energetikoa, baita ekonomian eta gizartean ere, bizitzak eta planeta erdigunean jarriz egin beharrekoa. Eraldaketa honek langileei eta enpleguari zuzenean eragingo die, horregatik bihurtu da ELAren hausnarketa estrategiko.

ELAren hausnarketa klima aldaketaren kezkarekin hasi zen. Momentu horretan ez zegoen gaur egun dugun babes zientifikoa, orain IPCCren txostenak ez ditu inork zalantza jartzen. Eta klima aldaketaren ondorioak gure lurraldean ikusten ditugu jada (lehorteak, euriteak, suteak, urtaroen aldaketa), eta epe motzean eragin larriagoak espero dira (IPCCren txostenen arabera).

Baina klima aldaketa garaian ezezik, larrialdi ekologiko garaian ere bagaude. Kapitalismoaren etengabeko hazkunde eta akaparamendu dinamikak naturako baliabideak xahutzea suposatu du, eta horren ondorio dira energia eta materialen eskasia, eta bere ondorioak. Etorkizun hurbilean krisi energetikoak eta materialenak aurreikusten dira. Honek ere izugarrizko eragina izango du enpleguan.

Egoera honen aurrean, irtenbide justuagoak borrokatu ahal izateko ELArentzat ezinbestekoa da nolako trantsizioa behar dugun zehaztea. Gaur egun aurrean dugun erronka handienetakoa ekonomiaren trantsizio ekologiko eta soziala da. Horregatik ELAren azken bi Kongresuetan honi buruzko hausnarketak egin dira eta Ponentziaren parte izan da.

Krisi ekologikoaren ondorioak gogorrago hasi gara pairatzen eta ez dira beharrezkoak diren neurriak hartzen ari. Ziurgabetasunez beteriko etorkizun honen aurrean, orain arte landu ez ditugun erronka askori aurre egin beharko diegu sindikatuan.

Ezin dugu enplegua galdu edo suntsipen kapitalistaren artean aukeratu. Lan eskubideak eta bizitzarekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak uztartzen dituzten trantsizioak bultzatu behar ditugu, mobilizazioa eta negoziazio kolektiboaren bitartez. Gizarte justuago, demokratikoago eta jasangarriagorantz aurrera egin behar dugu, eta ELA eraldaketa honen bultzatzaile izan behar da. Trantsizio ezberdinak egin beharko dira bide honetan. Horregatik, sindikatuak trantsizio ekosozialerako proposamen bat landu du.

Hausnarketa hau ELAko 3 federazioetan ere egiten ari gara, trantsizioaren beharra eta gai hau lan zentruetaraino eramatearen garrantzia azpimarratuz. Hurrengo hitzordua ekainean izango dugu, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, sektore ezberdinetako 750 ordezkarik parte hartuko dute trantsizio ekosozialaren inguruko jardunaldietan. Ezinbestekoa delako ELAko kide guztiok trantsizio ekosozialaren bultzatzaile izatea etorkizun justuago bat izan dezagun.