ELAk klima aldaketaren aurkako konpromisoa sinatu du Berlinen

Hona hemen ELAk sinatutako konpromisoa:
"Eredu ekonomikoa eta soziala aldatzeko beharraren aurrean, ELAk ekonomiaren trantsizio ekologiko eta sozialaren aldeko apustua egiten du. Trantsizio hau hazkundearen eta logika industrialaren ekonomiatik modu ordenatu batean irteteko proposamena da. Beste ekonomia eta gizarte baterantz egiteko bidea, non iraunkortasuna, kalitatea, elkartasuna eta herritarron parte hartzea lehentasun izango diren.
Energia eta lehengaietan intentsiboenak diren sektoreak, eta kutsatzaileenak direnak, desazkunde bat izango dute, eta sektore batzuk desagertu egingo dira. Honek langabezia gehiago ekarriko du sektore hauetara, baina aldi berean sektore iraunkorrak bultzatu behar dira. Sektore iraunkor hauek enplegu berde eta duin asko sortuko dituzte. Enplegu iraunkorrak sortzeaz gain klima aldaketa eta ingurumenak sufritzen dituen inpaktu kaltegarriak murriztuko dituzte, eta momentu honetan gainbeheran datorren ongizate estatua bermatuko dute. Etorkizuneko sektore hauek ugariak dira: energia berriztagarriak, hondakinen kudeaketa iraunkorra, ekodiseinua, nekazaritza ekologikoa, osasuna, hezkuntza,...
Trantsizio hau egia bihurtu dadin bete beharreko baldintzak daude: etorkizunerako proiektu sozial iraunkor eta posiblea denon artean pentsatzea, inplikatutako eragile guztion parte hartze demokratikoa (sindikatuak, kontsumitzaileak, gizarte eragileak, enpresak, administrazioa,...), eta aldaketa posible egingo duten politika publikoak.
Beharrezkoa den aldaketa hau aurrera ateratzeko ELA honetara konprometitzen da:
- Garatutako herrialdeetako gobernuei BEG emisio murrizketen konpromisoak areagotzea eta murrizketa hauek errealak izatea, konpentsazio mekanismorik gabe.
- Energia berriztagarrien helburua %100 izateko, kontsumoa murrizteko eta energia eraginkortasuna areagotzeko kanpaina egitea.
- Erregai fosilen ekoizpenari diru laguntzak kentzeko exijitzea.
- Euskal Herrian ingurumen ikuspuntutik iraunkorrak diren sektoreetan 100.000 enplegu berde sortzeko kanpaina egitea.
- Herrialde garatuenei, zeintzuk klima aldaketaren erantzule diren, finantziazio internazionaleko klimaren fondora ekarpenak egitea exijitzea. Fondo hau garapen bidean dauden herrialdeak klima aldaketari egokitzeko eta emisioak murrizteko erabiliko da."