TRANTSIZIO ENERGETIKORAKO LEGEA

ELAk Legebiltzarrean salatu du bereziki langileak ari direla sufritzen klima aldaketa eta larrialdi ekologikoa

2023/09/20
ELAk larrialdi ekologikoari aurre egiteko neurri sorta aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikorako legea eztabaidatzeko saioan. Agerraldian, sindikatuak azpimarratu du langileak bereziki ari direla sufritzen klima aldaketaren eta larrialdi ekologikoaren ondorioak. Gauzak horrela, “denontzat justua izango den trantsizioa” defendatu du. Horretarako, ezinbestekotzat jo du multinazionalen interesak alde batera uztea eta gizartearen premiak aintzat hartuko dituen legea gorpuztea.

ELAren aldarrikapenak:

  • Emisioak murriztu, planetaren tenperatura, batez beste, 1,5 gradutik gora ez igotzeko.
  • Kontsumo energetikoa murriztu, iturri berriztagarriak erabili eta sistema energetikoa elektrifikatu.
  • Energia fosilekin eta hondakina erraustuz energia sortzen duten instalazioak alboratzeko neurri sorta zehaztu.
  • Eredu energetikoa sare desentralizatuan oinarritu. Autokontsumoa handitu.
  • Hidrogenoa alboratu. Eraginkortasun energetiko baxua dauka eta ez da alternatiba ona.
  • Pertsonen zein merkantzien mugikortasuna murriztu.
  • Garraio publikoaren eskaintza handitu, hiri handienetatik haratago.
  • Hondakin industrialei irtenbide jasangarria eman. Jaurlaritzaren alternatiba Zaldibarkoa bezalako zabortegi kutsatzaile eta arriskutsuekin jarraitzea al da?
  • Industriako sektorea gure lurraldean birkokatu eta jarduera kutsatzaileak eraldatu.
  • Industriaren trantsizioan langileak babestu. Hainbat sektore industrial eraldatu beharko dira, energia eta materialetan duten gehiegizko kontsumoagatik, menpekotasunagatik edo dituzten emisio handiengatik; kasu batzuetan desagertzeraino. Horregatik jasangarriak diren sektoreak bultzatu behar dira.
  • Gertuko turismoa bultzatu.
  • Nekazaritza agroekologikoa diruz lagundu (nekazaritza industrial kutsatzailearen ordez).
  • Basogintza: bertako espezie autoktonoen landaketa lehenetsi, azken urteetako pinu mozketek eta eukaliptoaren zabalpen handiak eragindako kalteak arintzeko.

Irakurri ELAren txostena