ELAk Nafarroako Hondakin Plana berrikusteko proposamenak egin ditu

Azken urteetako hiri hondakinen birziklapen tasak baieztatzen dute 2010ean ELAk Nafarroako hondakin planari (PIGRN) eginiko balorazio negatiboa. Urte hartan, 2010ean, birziklapen tasa %36koa zen, eta PIGRNa martxan egon den 3 urteren ondoren birziklapen tasa 2013an %30ekoa izan zen (Nafarroako Gobernuko web orritik harturiko datuak). Egoera ezin da okerragoa izan. PIGRNak ez du funtzionatu. Gure ustetan ez du berrikuspen bat behar, gure ustetan norabide aldaketa sakona behar du.
ELAtik kudeaketa hobetu, birziklapen helburuak bete eta europar legedia betetzeko neurriak proposatzen ditugu berriro:
1. Hondakinen murrizketa eta berrerabilpena bultzatzeko kontzientziazio programak bultzatzea. Herritarrak kontzientziatu behar dira hondakinen arazoan bakoitzak duen arduraren inguruan, horrela gehiago inplikatzen dira irtenbidean eta hondakin kopurua jaitsi egiten da.
2. Hondakinen bilketa selektiboa hondakinen kudeaketaren abiapuntua da, eta horregatik du berebiziko garrantzia. Zenbat eta gehiago jaso modu selektiboan, orduan eta gehiago birziklatzen da. Horregatik ezinbestekoa da bilketa selektibo ahalik eta zabalena lortuko duen eredu bat ezartzea. Hondakinak nahastuta jasoko dituen edukiontzirik ez duen sistema bat ezartzea da gure proposamena. Hau da, sortzen den lekuan (etxeetan) selektiboki banatzea derrigorrezkoa den bilketa sistema eskatzen dugu, birziklatu daitekeen guztia sailkatuta jasotzeko. Horrela modu oso esanguratsuan hobetuko lirateke birziklapen tasak. Atez ateko bilketa selektiboa bezalako esperientziek erakusten dute eredu horrekin hondakinen %80a baino gehiago birziklatzera hel gaitezkeela.
3. Hondakinen kudeaketa iraunkorraren beste gako bat materia organikoari ematen zaion tratamendua da, etxeetako hondakin guztien %45a baita batez beste. Dagoeneko hondakinei buruzko Europako 2008/98/EC Zuzentarauak eta Europar Komisioak helburu bezala markatu dute hondakin organiko guztiak modu selektiboan biltzea. Beste helburu bat birziklatu daitekeen hondakinik zabortegira ez eramatea da. Beraz, ezin izango da hondakin organikorik zabortegietara eraman. Helburu hauek errealitate bihurtzeko oinarrizko bi neurri hartu behar dira. Lehenengoa hondakin organikoen %100a selektiboki biltzea ondoren konpostatze tratamendua aplikatu eta zabortegietara ez iristeko. Bestea etxeko eta komunitateko konpostatzea bultzatzea izan behar da. Horrela hondakin organikoen zati handi bat sortzen duenak berak kudeatuko du.
4. Selektiboki jasotako hondakinak tratatzeko, eta kontuan izanda bilketa selektiboarekin tratamendua behar duten hondakin kopurua handitu egingo dela, hondakinen kudeaketa sistemak tratamendurako azpiegitura gehiago beharko ditu. Europako legediak zehazten dituen helburuetako batzuk birziklatu daitekeen hondakinik eta tratatu gabeko hondakinik zabortegira ez eramatea izanik, neurri hau ezinbestekoa izango da europar legedia betetzeko. Gainera sektore honetan enplegua sortzea suposatuko du.
5. Kontuan izanik birziklatu daitekeen eta tratamendurik jaso ez duen hondakinik ez dela iritsiko zabortegira, etorkizuneko zabortegiak garbiagoak izango dira gaur egun tratatu gabeko hondakinak jasotzen dituztenak baino. Beraz tratamendua jaso duen eta birziklatu ezin daitezkeen errefusarentzat irtenbidea inerteen zabortegia izan behar da, erraustegiak eta hauek behar dituzten zabortegi toxikoak baztertuz. Baina errefusa honen murrizketan ere pausuak eman behar dira. Ikerketa eta berrikuntza ezinbestekoak dira, eta horregatik proposatzen dugu I+G+B bultzatzea, helburu argiekin: zero zabor helburura gerturatzen den sistema bat, eta enplegua sortuko duen sektore ekonomiko garrantzitsu eta iraunkor bat garatzea.
Hondakinen kudeaketak gaur egun Nafarroan duen egoera ikusita, ELAk exijitzen du orain hartu beharreko erabakia ez izatea PIGRNaren berrikuspen sinple bat, hausnarketa sakonago bat egitea. Eta ekonomikoki, sozialki eta ingurumen ikuspuntutik benetan iraunkorrak diren neurriak hartzea ekonomia zirkular bat posible izan dadin.