TRANTSIZIO EKOSOZIALA

ELAk parte hartu du OMALek antolatutako trantsizio ekosozialerako jardunaldietan

2024/11/15
Azaroaren 14 eta 15ean ospatutako jardunaldietan trantsiziorako proposamenak ezagutu eta eztabaidatu ditugu, aurrean dugun krisi multidimentsionalari nola erantzun galderari erantzuteko. Euskal Herriko eta Latinoamerikako hainbat partehartzaile, bakoitza bere ikuspuntutik aritu gara jardunaldi hauetan.

Helburua gaur egun bizi dugun krisi multidimentsional larriari aurre egiteko, bizitza antolatzeko modu berrietarako trantsizio ekosoziala ulertzeko modu desberdinei buruz eztabaidatzea izan da. Gaur egun, kapitalismo berde oliba eta digital baten kontaketa eta agenda dira nagusi, eta, besteak beste, mota guztietako megaproiektu korporatibo ugari ari dira sortzen. Latinoamerikaren eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa soziala eta aliantza internazionalistak indartzea garrantzitsua da, trantsiziorako agenda ofizial baten aurrean, zeinak praktikan, zentro eta periferien arteko harreman-dinamika neokolonial, esplotatzaile eta harrapariak eguneratu eta biltzen dituen.

ELAk parte hartu duen mahainguruan, sindikalgintzatik trantsiziorako egiten ditugun hainbat proposamen ezagutu ditugu. ELAk egiten duen proposamena, oso labur, honela azaldu dezakegu:

  • Energia eta materialen kontsumoa murriztea.
  • Energia berriztagarrietan oinarrituriko sistema energetiko publiko bat garatzea.
  • Mugikortasuna gutxitzea, bai pertsonena bai merkantziena. Horretarako ezinbestekoa da garraio publikoa garatu eta ekonomia birkokatzea.
  • Elikadura sistema gure lurraldean birkokatzea elikadura burujabetza eta agroekologiaren bitartez.
  • Industriaren eraldaketa eta dibertsifikzioa.
  • Lana eta aberastasuna banatzea.
  • Zerbitzu publikoak bermatu eta garatzea.

Trantsizio eredu honetan aurrera egiteko ezinbestekoa izango da parte hartu dugun eragileok sare bat osatu eta munduko txoko ezberdinetan bizi ditugun egoerak eta ditugun proposamenak partekatu eta trantsizio ekosozial justua egi bihurtzeko.

 

Jardunaldietan jorratu denaren berri hemen