ELAk politika publikoak aldatzea exijitzen du, gizarteak klima aldaketaren ondorioak hain modu larrian ez pairatzeko

2022/07/28
Ezin dugu jada klima aldaketa geldiarazi, baina eragingo dituen ondorioetara egokitu gaitezke. Baina hartu beharreko neurriak ez dira arlo pertsonalean hartu behar, ELAk politika publikoen egokitzapena exijitzen du, langileok ez gaitezen izan eragin larrienak pairatuko ditugunak.

Azken asteetako bero boladen eta suteeninoiz baino handiagoa den maiztasuna eta larritasuna ikusirik, inor gutxi ausartu da azken egunetan klima aldaketarik ez dagoela esaten, Kontrakoa, inoiz baino argiago dugu gehienok dagoeneko gure artean dela eta hemen ere ondorio larriak pairatuko ditugula hurrengo urte eta hamarkadetan, baldin eta neurriak hartzen ez bagara gaurtik hasten.

Orain arte klima aldaketaren eraginak ekiditeko beroetegi efektuko gasen emisio murrizketak aldrikatzen genituen. Hemendik aurrera ordea, klima aldaketa hona ere iritsi dela jakinik, eta ondorioen larritasuna ikusirik, klima aldaketara egokitzeko neurriak aldarrikatzeari ere garrantzia eman behar diogu.

Klima aldaketara egokitzeko neurrien helburua inpaktuak murriztea, ahultasunak murriztea eta giza eta natur sistemen klima aldaketarekiko erresilientzia areagotzea da, biodibertsitatea, basoak, kostaldea, hiriak, nekazaritza sektorea, industria eta abar barne.

Klima aldaketara egokitzeko neurriak ez dira arlo pertsonalean hartu beharrekoak, instituzioetatik behin eta berriz gure ardura balitz bezala eskatzen zaizkigun bezala, besteak beste, bero boladetan ematen zaizkigunak. Instituzio eta gobernu ezberdinek egoera berri hauen aurrean arlo publikotik gizarte osoaren mesederako hartu beharreko neurriak aldarrikatzen ditugu. Ezin da larrialdi egoera berri baten aurrean betiko politikekin erantzun, politika publikoak ere egokitu egin behar dira.

Horregatik, ELAk, besteak beste, ondorengo neurriak exijitzen ditu klima aldaketak eragindako ondorioen aurrean egokitzeko:

  • Lurralde Antolaketako plangintzak uholde arriskuetara egokitzea.
  • Hirigintza planak herri eta hirietako ongizatea bermatzeko diseinatu behar dira: udako bero boladetan eta neguko hotz eta elurte handietan hiriak bizigarriak izateko.
  • Etxebizitzen birgaitzea derrigortu eta diruz lagundu, termikoki ongi isolatuta egoteko.
  • Larrialdi zerbitzuak (suhiltzaileak, babes zibila,…) baliabide gehiagoz hornitzea gero eta sarriago jasngo ditugun eta gero eta larriagoak izango diren gertaerei aurre egiteko.
  • Osasungintza publikoaren plangintza egokia egin eta udako bero boladek eta neguko muturreko hotzek eragin dezaketen egoerari aurre egiteko beharrezko baliabideak jartzea.
  • Nekazal politikak egoera berrira egokitzea, tenperatura, hezetasun eta euri kopuruan aldaketak izanik, ekoizpenean aldaketak egon beharko dira eta aldaketa hauek egiteko gobernuek laguntza tekniko eta ekonomikoak eman beharko dituzte. Beti ere eredu agroekologikoan sakonduz eta eredu intentsiboak baztertuz.
  • Paisaia eta biodibertsitatea kontserbatzeko politikak erdigunean jarri behar dira, eta klima aldaketara egokitzeko ikuspegia izan behar dute; izan ere, zenbat eta hobeto kontserbatu ingurune naturala, orduan eta erresilientzia handiagoa izango dugu uholde, sute, izurrite eta abarren aurrean.

Neurri hauek etorkizuneko gizartearen ongizatea bermatuko dute, eta hartu ezean, pertsonen bizi kalitatearen murrizketa handiak sufrituko ditugu.